Zingira basora azken txangoa, ostiralean

Zarauzko hitza 2019ko abu. 21a, 13:28

Zarauzko Udalaren 'Eraztun Berde Urdina' egitasmoaren baitan, aurreko bi udaretan bezala, aurten ere Zarauzko ingurumena ezagutzeko irteerak antolatu ditu. Ostiral arratsaldean izango da laugarren eta azken ibilbide gidatua Zingira basora, 17:30etik 20:00etara.

Zarauzko Udalaren Agenda 21 departamentuak iaz Iñurritzako biotopora eginiko bisiten balorazio onak aintzat hartuta, Zarauzko ingurumena herritarrei erakusten eta irakasten jarraitzea erabaki eta txangoekin jarraitu dute aurtengo udan ere. Dena den, aurtengo jomuga ezberdina izaten ari da irteera batzuetan: beti Iñurritzara joan beharrean, batzuetan Zingira basora.

Azken txangora heldu da egitasmoa. Uztailean bi ostiralez Iñurritzako Biotopora egindako irteeren ondoren, abuztuaren 9an egin zuten lehen txangoa Zingirara, eta bigarrena eta azken ostiral honetan izango da, abuztuaren 23an. Arratsaldez izaten dira saioak, euskaraz zein gazteleraz, eta edozein kasutan behar-beharrezkoa izango da Turismo Bulegoan izena ematea, doakoa den arren. Abiapuntua edo elkargunea, beti bezala, Aiten Etxeko parkina izango da.