Hainbat bizipen, G7aren aurrean

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko abu. 28a, 20:00
Larunbat eguerdian Hendaian egindako manifestazioa (Oier Zeberio).

Muga arazorik gabe zeharkatuta, G7aren kontragailurrean izan dira lau zarauztar, Hendaian. Bertan elkartutakoen ideologia aniztasunaz, batasunaz eta norberaren kezkez mintzatu dira.

Munduko zazpi potentzia boteretsuenak direla esaten duten horiek bilduta egon dira pasa den asteburuan Euskal Herrian, Miarritzen (Lapurdi). Gailurra ospatu dute, eta horri aurre egiteko, jardun ezberdinetako mugimendu antikapitalistek antolatuta, kontragailurra egin dute Lapurdin barrena, polizia kontrola etsai zutela.

Kausa beraren aurka, nazioarteko hainbat mugimendu batu dira deialdietara, izan era bateko edo besteko jarrerarekin. Urola Kosta eskualdetik ere bertaratu da hainbat herritar, eta hango bizipenak kontatu dituzte horietako batzuek.

Urruñako akanpalekuan egon dira Manex eta Markel zarauztar gazteak [ez dute abizenik eman nahi izan], beste bi lagunekin batera, ostiraletik igandera bitartean. Irungo Ficoban izan ziren lehenik, gobernurik gabeko herrialdeen arteko harremanei buruzko hitzaldian. "Antolakuntza paregabeaz harriturik» geratu zirela esan du Manexek: "Lau hitzaldi zeuden aldi berean, eta gurean ordezkari bakoitzak bere hizkuntzan egin arren, itzultzaileak geneuzkan".

Emakume frantses batekin  egin zuten autoz Urruñako akanpalekurako bidea, "presaz" zebiltzala, eta bidez galtzea une hartan umore onez hartu ez arren, "ongi" atera zitzaiela esan dute biek:"Akanpalekuaren sarreran sekulako barrikada zegoen; ekintzaile batzuek errepidea itxi eta poliziak esku hartu zuen". Giro "aldaketa" nabaritu zuten zarauztarrek.

Anitza eta batuta

Asanbladak egiten zituzten gauero, egunaren balorazioa egin eta hurrena zetorrena antolatzeko. G7 Ez plataformako kideek zuten lehen hitza eta, ondoren, beste mugimenduetakoen txanda izaten zen. Giroa "nahasten" zen halakoetan. Hala azaldu du Markelek: "Adibidez, anarkista batek bere ideia botatzen zuenean bere aldekoak txaloka hasten ziren, eta aurkakoek txistu, eta ondoren alderantziz". Dena den, bakoitza berera joan arren, denak "erro beraren gainean" elkartu izana «pozgarria» dela uste du Manexek. "Ekintzak egiterakoan, normala den bezala, bakoitzak bere proposamena zeukan, eta horrek aniztasuna ematen dio kontragailurrari", gaineratu du. Azken finean, asanbladetan eztabaida gogorrak eman arren, «batasuna» nabaritzen zela esan dute.


Hendaiako komisaldegira

Hiru egunez Hendaian izan ziren lau zarauztarrak. Baionara joatea ere bururatu zitzaien, baina bueltatzeko modu ziurrik ez zeukatela eta, "zentzudun" jokatzea erabaki eta Hendaian geratu ziren. Dena den, igande goizean "gorriak" pasa behar izan zituztela adierazi dute.

Bezperako asanbladan askotariko proposamenak egin ziren, mugimendu bakoitzak ideia bat baitzuen buruan. "Jaka Horiek Miarritze kanpoko supermerkatu batera joan nahi zuten, beste batzuk Miarritze inguratu nahi zuten ortzadar bat irudikatuz, eta beste batzuk Hendaiako komisaldegira joateko ideia zuten, atxilotuei babesa ematera; azken horretara joatea erabaki genuen", azaldu du Markelek.

Poliziaren presentzia "handia" bizi izan zuten komisaldegira bideko manifestazioan. "Tentsio uneak pasatu genituen poliziak inguratu gintuenean", azaldu du Manexek: "Gero eta jende gutxiago geratu ginen, eta gu, frantsesa ulertu gabe, zer egin jakin gabe geunden. Zortea izan genuen, poliziak ez zuelako kargatu".

Ikasteko balio izan dien esperientzia izan dela diote, "emozioz beteriko asteburua".