Usoa Ostolaza: "Egunean ikusi beharko da nolako maila egongo den"

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 4a, 08:00

Nizako Ironman 70.3 probako Munduko Txapelketan lehiatuko da zarauztarra, larunbat goizean. 18-24 adin tartekoen multzoan egingo du irteera, eta jakin badaki bizikletako zatia izango dela gogorrena.

Duela ia urtebete lortu zuen Cascaisen (Portugal) Ironman 70.3 Munduko Txapelketarako txartela Usoa Ostolazak (Zarautz, 1998). Aipatu probaren distantzia Ironmanaren erdia da—1.900 metro igeri, 90 kilometro bizikleta eta 21,0975 kilometro korrika—, Zarauzko Triatloiaren antzekoa, baina Ostolazarentzat erronka handia, estreinakoz aurre egin ziolako horren triatloi luze bati. «Iaz distantzia hori probatzeko asmoa neukan, eta bukatzeko helburua jarri nuen. Motibatuta joan nintzen, baina sekulako ezustea izan zen nire adin tartean, 18-24 urtekoetan, lehen postuan sailkatzea. Hala, Nizako (Frantzia)  Munduko Txapelketarako sailkatu nintzen zuzenean». Konturatzerako iritsi da hitzordu garrantzitsua: larunbat goizean jokatuko du proba, irailaren 7an, eta jada urduritasunak areagotzen hasi zaizkio kirolariari.

Etxeko lanak eginda daude. Nola aurkitzen zara lehiaren bezpera egunetan?
Uda guztia pasatu dut lasterketa horri begira entrenatuz. Hori da, nolabait esateko, denboraldiko helbururik nagusienetako bat. Hainbeste prestatu eta gero, proba gerturatzen joan ahala, urduritzen hasita nago. Lan asko egin behar da txapelketarako, eta ongi ateratzea nahi duzu. Egia esan, nahiko ongi aurkitzen naiz, baina zertxobait urduri. Probaren atarian gaude eta prentsatzen hasten zara ea bizikleta ongi ote dagoen, ez zaidan ezer ahazten... Kezka horiek guztiak etortzen zaizkizu burura, baina tira! Ahal duguna egingo dugu!

Ironman erdiko distantzia korrituko duzun bigarren aldia izango al da Nizakoa?
Ez, hirugarrena izango da. Iazko iraila amaieran izan zen lehena Cascaisen (Portugal), eta bigarrena joan den uztailaren 20an Mequinenzan (Zaragoza, Espainia). Bigarren proba horretan ere gustura aritu nintzen, bero handia egin zuen arren, eta, azkenean, irabazi egin nuen. Eta orain Nizakoa hirugarrena izango dut.

Orain arte lasterketa laburragoetan aritu zara. Baina badirudi Ironman erdiko proba horietara egina zaudela!
Beno, distantziari neurria hartzeko oraindik beste horrenbeste lasterketa jokatu beharko nituzke. Egia da egin ditudan biak ongi atera zaizkidala, baina tokatuko da noizbait gaizki ateratzea ere; izan ere, distantzia hau luzea izanik, horrenbeste orduz, edozer gerta daiteke: beroarekin gaizki, tripetatik ondoezik... Oraindik beste aldea ezagutzea ere gertatuko zait.

Nizako proba hitz potoloak izango dira, ezta? Munduko Txapelketa beti baita Munduko Txapelketa?
Errespetua ematen du horrek. Guztira, 2.000 emakume inguru lehiatuko gara, eta ni nire adin taldean saiatuko naiz lehiatzen; lehenik profesionalak irtengo dira eta, ondoren, adin multzoka abiatuko gara, 10-15 minutuko tartearekin; drifting gutxiago egoteko eta multzoak kontrolatuago egoteko, azken finean. Gure multzoan lehiatuko direnen zerrenda irakurri dut eta ez dut inor ezagutzen. Denak kanpotarrak dira, mundu osoko triatletak. Espainiako parte hartzaile bat ere badago, baina ez dakit nor den.

Eta hori ona da ala txarra?
Beno... ez dakit! Hori proba egunean ikusi beharko da zer-nolako maila dagoen. Baina, tira, horrek ere motibatzen nau, mundu zabaleko lehiakideak ariko direla eta maila handia egongo dela. Larunbatean emakumeok bakarrik lehiatuko gara, eta horrenbeste emakume batera, 2.000 lagun guztira, aritze horrek sekulako ilusioa egiten dit. Horrela protagonismo gehiago ematen zaigu eta horrek asko motibatzen nau.

Helburu jakinik ezarri al duzu?
Helburu nagusia da proba ondo bukatzea, aurretik egin ditudan distantzia bereko beste bi probetan bezain sentsazio onak izatea eta gozatzea.

Kirolari guztiek gauza bera diote. Ziur zehaztu duzula gutxi gorabeherako postu tarteren bat: lehenengo hamarretan sailkatzea, esaterako.
Nire adin multzoan ehundik gora triatleta gara, eta ezagutzen ez ditudanez, oso zaila egiten zait aurreikustea zein postutan ibiliko naizen, ezta helburu jakin bat finkatzea ere. Jakina egingo lidakeela ilusio ikaragarria lehenengo hamarretan edo hogeietan sailkatzea. Edozer izango litzateke ona niretzat. Badakit maila handia topatuko dudala, baina ez dakit non nagoen hor kokatuta.

Inguruko hainbat triatletek egina dute Nizako Ironmana. Toki berean jokatuko al duzu Munduko Txapelketa?
Bai, leku berean izango da, baina nola distantzia erdia izango den, zirkuitua ez da guztiz berdina izango. Igeri gunea berdina izango da, baita korrikakoa ere: bost kilometro luze dituen malekoi luze batean egingo da; Ironmanean lau itzuli egiten dituzte, eta guk ez dakit bi itzuli egingo ditugun edo zertxobait moztuko duten. Bizikletan igo beharreko portua ere berdina izango da.

Eta aurrez izandakoei gomendiorik eskatu al diezu?
Bai, hitz egin dut bertan lehiatu den jendearekin. Ironman erdia egina duen eta orain ere badoan Lekeitioko neska batekin solasean aritu naiz, zer-nolako bizikleta eraman galdezka, errepidekoa ala kabra. Azkenean, kabra eramango dut... ea asmatzen dudan! Informatzen eta ongi dokumentatzen saiatu naiz.

Zein izango da zirkuituko zatirik gogorrena?
Bizikletako zatia da. Portu nahiko luze bat igo beharko dugu, desnibel dezentekoa. Korrika laua da, nik dakidanez, eta igeria itsasoan bertan izango da. Igerian azkar pasatzen da denbora, baina bizikletako zatia exijentea izanda, pixka bat kezkatu egiten nau. Ez dakit nola erregulatuko dudan: portua nahiko azkar dator, eta indarrak neurtu egin beharko ditut, 90 kilometro luze egiten baitira. Korrikaldiak ere beti kezkatzen zaitu,  nola iristen zaren beste bi kirolak egin eta gero. Hidratazioa zaintzea ere inportantea izango da, bero handia egingo duelako. Azkenean, dena hartu beharko da kontuan.

Egindako entrenamenduekin eta denboraldi-aurrearekin gustura al zaude?
Denboraldi honetan ez dut gorabeherarik izan lesioekin. Hori bai, neguan ez dut entrenatzeko nahi beste denborarik izan: unibertsitatean hirugarren urtea egin dut [Fisioterapia ikasten ari da], eta ikasteaz gain, praktikak ere egin ditut. Ekainetik aurrera hasi naiz serio entrenatzen, eta gustura nago egindako prestaketarekin. Denboraldia ongi joan da: Onditz Oroituz Triatloia irabazi nuen, Mequinenzakoa, Mungiako Duatloia, Iruñeako triatloi olinpikoan bigarren eta Saltoki nire klubarekin hainbat probatan aritu naiz lehian. Bide on beretik jarraitu nahiko nuke ondorengo asteetan ere.
Urria bukaera bitartean, beste zenbait hitzordu biribildu dituzu zure kirol agendan.

Niza egin eta hurrengo asteburuan Zumaiako Triatloia egingo dut, esprint modalitatean. Egia da distantzia luzerako entrenatu naizela, baina gustatzen zait proba motzetan ere lehiatzea. Gero, iraileko azken asteburuan distantzia olinpikoko Espainiako Txapelketa jokatuko dut A Coruñan (Galizian), eta, azkenik, urriaren 27an Ironman erdiko Espainiako Txapelketa Eivissan (Herrialde Katalanak). Esan nezake denboraldiko bigarren zatian murgilduta nagoela bete-betean, eta guztietan nahiko nukeela ahalik eta ondoen egin, baina batez ere Nizan eta Eivissan ditut jarrita aurten begiak.

Ironman erdi horretan buru-belarri zabiltza. Agian, datorren urtean  Zarauzko Triatloian ikusiko zaituzte herritarrek?
Herrian lehiatzeko 20 urte eduki behar dituzu. Iaz ez neukan distantzia hori egina, eta aurten jada bi aldiz eginda eta esperientzia jasota, nahiko nuke parte hartu datorren urtean. Hori pixka bat nire entrenatzailearen [Ainhoa Muruaren] esku utziko dut, ea negua zer moduz joaten den eta zer gomendio ematen didan. Dena dela, aurten hobeto edukiko dut entrenatzeko, eta gustatuko litzaidake behingoz etxean lehiatzea. Badaukat gogoa, bai.