Miyazakiko Munduko Txapelketan izango dira Nadia Erostarbe eta Aritz Aranburu

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 4a, 11:34
Nadia Erostarbe, Europako txapeldun izan zenekoa (Alex Postigo).

Irailaren 7tik 15era jokatuko dute, eta Tokioko Olinpiar Jokoetako sailkapen prozesurako lehiaketa garrantzitsua izango da.

Surfeko Munduko Txapelketa jokatuko da Miyazakin (Japonia) irailaren 7tik 15era, eta Basque Team Fundazioko lau surflari lehiatuko dira bertan. Horietako bi zarauztarrak dira: Nadia Erostarbe eta Aritz Aranburu. Laukotea osatzen duten gainerako biak dira Leticia Canales sopeloztarra eta Ariane Ochoa bilbotarra.

Larunbatean, irailaren 7an, irekitze ekitaldia izango dute, eta emakumeek igandetik asteazkenera lehiatuko dute. Gizonezkoak, berriz, asteartean hasiko dira, eta finala igandean jokatuko dute, irailaren 15ean.

Basque Team Fundaziotik nabarmendu dute aurtengo txapelketa oso garrantzitsua dela 2020 Tokioko Olinpiar Jokoetako sailkapen prozesurako. 55 herrialdetako 240 kirolarik sailkatze olinpikoa bilatuko dute. Beraz, gogotik arituko dira etxeko ordezkariak helburu horren bila.