Euskal Astea 2019

Joxe Mari Zuazobide: "Euskal Jai Egunean ni falta naizela esaten didate"

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 6a, 10:10
Euskal Jai Egunerako 28 karroza egin ditu Joxe Mari Zuazobidek bere bizitza osoan, abuztu osoak tailerrean lanean pasatuta. (Aritz Mutiozabal)

80ko hamarkada hasieratik 2012ra arte aritu zen karrozak egiten Joxe Mari Zuazobide, irailaren 9an, Euskal Jai Egunean, herritarrek liluraz gozatzeko. Aurten, udalak omendu egingo du, urteetan egindako lana eskertuz.

"Ohituta nago omenaldietara, dagoeneko beste bi egin baitizkidate". Lehena, duela hamar urte izan zen, Mahats Bilketaren X. Jaian, eta bigarrena, berriz, 2016ko Itxasmendi auzoko jaietan. Orain, Euskal Jai Egunean egingo dio Zarauzko Udalak hirugarren aitortza, urte luzez karrozen ohitura mantentzeko egindako lan-eskergagatik. "Ohituta nago...". Seguru eta tenplez lasai ikusten da Joxe Mari Zuazobide (Zarautz, 1947), baina bere egoteko moduagatik-edo antzematen zaio urduritasun  puntu bat ezkutatzen duela barrenean. "Nik jada utzita dut guztia, eta gogoratzea egin dudana pozgarria da benetan", nabarmendu du.

Bi argazki bilduma lodi ekarri ditu hitzordura, eta azal gorridun blok bat ere bai. "Zerrendatuta ekarri dut zenbat karroza egin ditudan nire bizitzan. Guztira, hogeitazortzi izan dira". Bloka zabaldu eta lehenengo orrialdea agerian utzi du, kaligrafia txukunez idatzita: Sagardotegia, Okindegia, Portua, Txakolina, Bolatokia, Jostunak, Erleak, Labaderoa, Errementaria, Baserriko Emakume Lanak, Pagoetako Gurutzea eta Itsasontzia, besteak beste. Horiez gain, San Pelaio jaietako Haurren Danborradarako lau karroza txiki egin zituela dioen zutabe bat ere bai: Baineruak, Nekazariak, Arotzak eta Marinelak. "Lau multzotan ateratzen direnez, multzo bakoitzarentzat karroza bana egin nuen. Eta horiek asto txikiek bultzatuta mugitu genituen herrian".

Argazki bildumari heldu dio berehala Zuazobidek, eta irudiak erakusteari ekin dio, kontatuz halako eta holako nola sortu zituen, batean zein bestean zer irudikatu nahi izan zuen, karrozako xehetasun txikienen berri emanez. "Hau oso polita zen", errepikatzen du argazkiak pasatuz joan ahala. Oroitzapenak freskatuagatik ere, datak ez ditu nahi bezain argi, baina ziur dago 80ko hamarkada hasieran hasi zela karrozak egiten eta azkenekoa 2012an egin zuela.

Garai batean zortzi karroza inguru aurkezten ziren Euskal Jai Egunean, eta hasieran Angel Osa bizilagunarekin bikoa osaturik animatu zen abenturan murgiltzera. "Bera arotza zen, eta ni mekanikoa. Familia giroan aurkeztu ginen, ongi pasatzeko asmoz. Gerora, Osak utzi egin zuen, eta nik bakarka jarraitu nuen". Sagardotegia izan zen estreinako karroza hura: "Tolarea eta guzti zeukan. Sagarrak botatzen genizkion, baina sagardoa eman beharrean, ura ateratzen zen", horrenbeste urte eta gero erabili zuten trikimailuaren sekretua argitzera eman nahian.

Estreinakoz aurkeztu eta irabazi. Bide onetik ekin zion ibilbideari, baita jarraitu ere. "Denak irabazi ditut, bat izan ezik". 28 karroza aurkeztu eta 27rekin garaile. "Horretarako balio!".


Usadio zaharrak gaitzat


"Lehen zeuden gauzak eta usadio zaharrak irudikatzen saiatzen nintzen karrozak egiteko orduan", dio omenduak. "Gaur egun ez dakite Zarautzen hiru garbitoki zeudela: Azken Portun, Iñurritzan eta Salbiden. Garai batean Frontoi Txiki ondoan, egun Sakana taberna den horretan, bolatokia zegoen. Jolas enpresaren atzealdean, adibidez, mataderia zegoen lehen. Nire helburua zen garai bateko Zarautz hura gogora ekarri eta egungo herritarrei ezagutzera ematea".

Bertako ogibideei ere arreta berezia eskaini zien: sagardogileak, jostunak, anguleroak, txakolingileak, errementariak, eskabetxerak, arrantzaleak, nekazariak eta txatargileak, esate baterako. Egin dituen 28 karrozen artean Jostunak da Zuazobideren gustukoena, gainera: "Emakumeak ahaztuta zeuden. Emakumeen lanak ez zeuden ongi ikusiak garai batean. Tailerretik ateratzen zirenean josten ikastera joaten ziren. Gaur egun inork ez du josten, jostunik ere apenas dago. Beraz, haien omenezko karroza bat egin nuen, artazi, titare eta jostorratz handi batzuekin eta emakumeak inguruan josten, egurrezko josteko makinekin. Nire ustez egin dudan karrozarik politena da".

Zuazobideren karrozek berezitasun nabarmen bat zuten, gainera. Karroza biziak ziren. Antzezpen batekin biribiltzen zuen txukun-txukun atondutako instalazioa: "Hotza da karroza bera beste ezer gabe. Karrozak egin behar du lana. Mahastia egin genuenean, jendearen aurrean mahatsa biltzen aritu ginen, edo okindegia egin genuenean, orea labe barrura sartu eta barrutik ogia ateratzen genuen, ondoren bero zegoelaren itxura eginez eskuarekin. Antzerki pixka bat behar du".

Gogora ekarri du gainerako karrozak eguerdian bakarrik ateratzen zituztela. Berak, aldiz, eguerdian Musika Plazan egiten zuen antzezpen bera arratsaldean errepikatzen zuen Iñurritzan. "Eliza aurrean jartzen ginen, eta bertan egiten genuen ikuskizuna. Eguerdian ikusteko aukerarik izan ez zuenak gustura geratzen zen. Polita izaten zen hori".

Herritarrak zain izaten zituen urtero, ea nolako karrozarekin txundituko ote zituen. Euskal Jaiko klasiko bat bihurtu zen, eta berak ere badaki. "Orain karrozak egiteari utzi diodanean, denek esaten didate ni falta naizela. Giro hori botatzen dute faltan".


Abuztu osoa tailerrean


Karroza bat egiteak uda guztiko lana suposatzen du: zer egin nahi zuen pentsatu, diseinatu eta maketa egin, lantegian sartu... "Jolas enpresako bazkidea nintzen, eta abuztuan oporrak hartzen genituenez, nik baimena eskatzen nuen tailerra erabiltzeko. Opor egunetan karroza prestatzen nuen, baina gurdirik gabe. Euskal Jai Eguna baino bizpahiru lehenago ekartzen zidaten Getariatik, udalekoa edo arrantzaleena. Bata eta bestea ezberdinak ziren, eta bakoitzaren arabera moldatu behar izaten nuen azken unean".

Abuzturako karroza muntatuta izaten zuen, baina lankideak irailaren hasierarako lanera itzultzen zirenez, guztia goitik behera desmuntatu behar izaten zuen. «Lan ikaragarria izaten zen! Askotan ez zuen konpentsatzen ateratzen nuen sari ekonomikoak». Baina behin herriaren aurrean erakusten zuenean eta jendea txundituta geratzen zenean bere lanarekin, «horrek handitu egiten zaitu», dio. Halaxe esan du Zuazobidek irri txiki batekin, benetan gogobetetzen duela.

Orga lehiaketan aurkeztuko da

Euskal Jai Egunean "merezitako omenaldia" egingo dio Zarauzko Udalak Zuazobideri. Ekitaldia 13:00-13:30 inguruan egingo dute, III. Orga Lehiaketaren barruan. Hain justu, udaletik aipatu lehiaketan parte hartzera animatu dute, eta  honek baiezkoa eman du. "Metro bat  bider 1,40 metrokoa prestatu dut. Baina beldur naiz eramaterakoan ez ote zaidan puskatuko...". Konponbideak buruan ditu bueltaka. Izenburua besterik ez du aurreratu: Euskadi munduaren gainetik. Ikusi nahi duenak irailaren 9ra arte itxaron beharko du.

Omenaldiarekin, ordea, ez dira bukatuko aitortzak. Zuazobidek karrozen inguruan egindako ibilia jasoko duen erakusketa bat prestatuko dute datorren urtean: maketekin, erremintekin, argazkiekin eta hainbat objektuekin.

Erlazionatuak