Usoa Ostolaza hirugarren izan da Nizako munduko txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 9a, 11:25
Usoa Ostolaza, podiuma lortu zuten euskal triatletekin Nizan (Usoa Ostolaza).

Triatleta zarauztarrak podiuma lortu zuen larunbatean jokatutako Ironman 70.3 proban, 18-24 adin tartekoen multzoan.

Oso gustura agertu da Usoa Ostolaza triatleta: "Espero ez nuen postu bat izan da". Ironman 70.3 probako munduko txapelketa jokatu berri du Nizan, eta hirugarren izan da  18-24 adin tartekoen multzoan. "Niretzat oso hunkigarria izan da karrera honetan parte hartzea mundu osoko jendearekin, baita hirugarren postua lortzea ere".

Igerian ez zela sentsazio onekin hasi adierazi du Ostolazak: "Egia esan, dezente gaizki sentitu nintzen. Aukera eman zuten neoprenoarekin igeri egiteko, eta halakoetan guztiok egiten dugu neoprenoarekin, abantaila delako, baina nire ez zait askorik gustatzen. Alde horretatik, ez dut uste nire maila eman nuenik".

Trantsitzioan ere ez zela ongi moldatu dio, denbora asko galdu zuela. Aitzitik, bizikletako zatian asko gozatu zuen, nahiz eta oso gogorra izan. "Hobeto sentitzen joan nintzen eta jendea harrapatzen joan nintzen". Korrikaldian tripetako molestia batzuk izan zituen, hartu beharreko barrita eta gela gutxiago hartu omen zituelako, baina "lortutako denborarelkin oso gustura nago".

Balorazio orokorra oso positiboa dela nabarmendu du: 2.000 triatleta inguruk hartu zuten parte, eta adin multzo guztietakoen artean, 16. sailkatu zen Ostolaza, eta sailkapen orokorra kontuan hartuta, profesionalak barne, 53. postuan. "Horrek hurrengorako indar eta motibazio gehiago ematen dit". Azken finean, "beste esperientzia berri bat izan da niretzat".