Eskubaloi sailak ohartarazi du itxarote zerrenda ireki behar izan dutela izen ematean

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 16a, 11:33

Dagoeneko kopuru maximoa gainditu dute infantil nesken mailarako izen-ematean, eta ohartarazi dute egoera "antzekoa" izan daitekeela alebinen mailan edota Eskubaloi Eskolan. Pisten erabileraren kudeaketa "ia hobeezina" dela eta taldeak "jokalariz soberan" osatzen dituztela azaldu dute, baina hala ere, espazioarekin arazoak dituzte oraindik. Hala, momentuz aurrera doaz kiroldegia handitzeko lanak.

Zarauzko eskubaloi sailean ere ate joka da 2019-2020 denboraldia, eta elkarteko kideek aspaldi ekin zieten prestaketa eta antolaketa lanei. Hala, azaldu dute "taldeak osatzen, haietako bakoitza entrenatzaile zein ordezkariz hornitzen, entrenamenduetarako pistak bilatzen eta lotzen, edota entrenamenduetarako ordutegiak zehazten" aritu direla azkenaldian.

Eskubaloi pisten erabileraren kudeaketa "ia hobeezina" dela nabarmendu dute sailekoek, eta Zarautzen eskubaloian aritzeko "eskaera handia" izanik, "talde gehienak jokalariz soberan" osatzen dituztela ere azpimarratzen dute, "Federazioak onartzen dituen mugak" ukitzeraino. Hala ere, eskubaloi talde kopuruak "derrigorrez mugatua" izan behar duela gogorarazi dute: "Daukaguna daukagu, eta ezin denean, ezin da, esaera zaharrak dioen bezala".

Denboraldi honetarako izen-ematea irekia dago, eta jakinarazi dute dagoeneko kopuru maximoa gainditu dutela infantil nesken mailan. Hala, itxaron zerrenda ireki behar izan dute kategoria horretarako izen ematean, eta ohartarazi dute hemendik aurrera izena ematen dutenak zerrenda horretara bideratuko dituztela. Alebinen mailan edota Eskubaloi Eskolan egoera "antzekoa" izan daitekeela diote.

Eskubaloi sailetik "barkamena eskatu" diete "kaltetu guztiei": "Kiroldegia handitzeko lanak aurrera doaz, eta uste dugu datorren denboraldian gaindituta izango dugula pistek sortutako arazoa".