Mugikortasun Astea 2019

Txirrindulari Txikien Eguna ospatuko dute larunbat honetan

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 20a, 14:31

Mugikortasun eta Kirol sailek antolatu dute Zarauzko Zikloturista Elkartearekin lankidetzan, eta 6-12 urteko haurrak izango dira protagonista. Igandean, berriz, Hiribusa doakoa izango da.

Larunbat honetan bizikletak eta kaskoak hartu, eta Eman pausoak gurekin lelopean, bizikleta martxa egingo dute 6-12 urte bitarteko haurrek eta beren familiek. 11:00etan jarri dute hitzordua Lizardi institutu aurrean, eta herrian zehar 2,5 kilometroko ibilbidea egin ondoren, itsas pasealekuan amaituko dute martxa. Han hamaiketakoa eta opariak izango dituzte zain gaztetxoek. Gainera, bi bizikleta zozkatuko dituzte.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak gaur prentsaurrean adierazi duenez, "ekimen honen helburua oinezkoak eta txirrindulariak kalean seguru ibiltzea eta seguru sentitzea da".

Unai Egaña udaltzaina da Bide Heziketako arduraduna, eta hark azpimarratu duenez, "ibilbidean zehar praktikan jarri ahal izango dute bizikidetza motordun ibilgailuekin eta oinezkoekin, indartsuago direnean ahulagoa errespetatuz, eta ahulagoak direnean, beren burua errespetatuaraziz". 

Igandean Hiribusa doan

Bizikleta martxa izango da aurtengo Mugikortasun Asteko ekitaldi nagusia, baina ez bakarra. Izan ere, igande honetan, irailak 22, Hiribusa doakoa izango da. Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da igandean, eta udalak bere bultzada emango dio ekimen horri.

Basurkoren hitzetan, "Zarauzko Hiribusa mugirkotasun seguru, osasungarri eta jasangarri baterako zerbitzu azpimarragarria da. Azken urtean izandako bidaia kopurua %27a igo da, 315.000 bidaiatara iritsiz". Bestalde, jakinarazi du neguko ordutegia indarrean jartzearekin batera "aldaketa txiki batzuk" egon direla, LHko lau ikastetxeek sarrera-irteera garaian Hiribusaren zerbitzu ahalik eta osatuena izan dezaten. "Aldaketa nabarmenena da Hiribusa La Salle Ikastetxeraino igoko dela", zehaztu du Mugikortasun zinegotziak.

Orain dela astebete hasi da neguko ordutegiarekin lanean Hiribusa.