Xalbadorri buruzko bi dokumental emango dituzte Photomuseumen

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 25a, 11:30

Gela programaren barruan antolatu dute, eta saioa Joxe Mari Iriondo kazetariak aurkeztuko du.

Goresmenak Xalbadorri erakusketa ikusgai dagoela kontuan izanda, Photomuseumek Fernando Aire Xalbador bera oroituko du ostiral honetako Gela programan. Alde batetik, bi dokumental emango dituzte: bata, 1969ko bertsolari txapelketari buruzkoa da, RTVEk eginiko Fiestas. Bertsolaris. Poetas populares vascos; eta bestea, Xalbador Gaztain Kormutxa (1981), Juan Miguel Gutierrezek zuzenduriko dokumentala. Bigarren horretan Urepeleko artzainaren bizimodua kontatzen da, familia artekoei eta bere ezagunei egindako elkarrizketen bitartez.

Joxe Mari Iriondo arduratuko da dokumental horiek aurkezteaz. Kazetari azpeitiarrak barrutik ezagutzen du bertsolaritza mundua, eta hamaika bertso saio, erromeria eta kantalditan zuzenean hartu du parte, ekitaldiak zuzentzen, gai-jartzaile modura edota zuzeneko grabazioak jasoz.

Ohi bezala, saioa 18:00etan hasiko da, eta sarrera irekia izango du. Bestalde, Goresmenak Xalbadorri erakusketa urriaren 13a bitartean bisitatu ahal izango da.