Kulturaniztasuna eta ekitatea aldarrikatzen duen bideoa kaleratu du Immigrazio Sailak

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 25a, 14:14

Jatorri ezberdinetako sei neska-mutil ageri dira ikus-entzunezkoan, eta bakoitzak bere hondar alea sartzen du botila baten barrura. Metafora bat irudikatu nahi izan dutela azpimarratu dute.

Zarauztik Mundura sentsibilizazio bideoa berria kaleratu du udaleko Immigrazio Sailak, eta dagoeneko ikusgai dago Youtube plataforman hainbat hizkuntzetan azpititulatuta; norberak hautatu behar du pantailaren fitxan bertan. Ikus-entzunezkoarekin "ekitatea" erakutsi nahi izan dutela aditzera eman du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak: "Bizilagun guztien arteko aukera berdintasuna lortzeko lan egitea. Bakoitzari bere gabezien arabera, berdintasun hori lortzeko baliabideak eskaintzea. Azken finean, horretan dihardugu udaletik eskaintzen ditugun programetan".

Udalak herrian dagoen kulturaniztasuna islatu nahi izan du, baina baita aldarrikatu ere. Bideoan ikusten dena "metafora bat" dela dio Immigrazio teknikari Julen Arangurenek: "Sei neska-mutiko zarauztar daude, jatorri ezberdinekoak, eta bakoitzak bere hondar alea ekartzen du, bere kolorekoa, ondoren guztiak nahasteko. Hori da agian falta zaiguna. Elkarren ondoan bizi gara, baina ez gara elkarrekin bizi... Nahasketa horretatik beste hondar kolore bat sortzen da, eta hori da biharko Zarautz, edo Gipuzkoa edo Euskal Herria".

Ikasturtea hasi besterik ez dela egin eta matrikulazio kopuruak beherantz egin duela Euskal Autonomia Erkidegoan azaldu du Zorrozuak. "Europako jaiotze tasa baxuena dugu, Italiaren atzetik". Azpimarratu du, gainera, "gero eta zaharragoa den gure herri honetan immigrazioa behar dugula eta are gehiago beharko dugula". Udalaren erantzukizuna dela dio etorrera hori kudeatzea, eta horretara zuzendutako hainbat programa dituztela martxan: Ongi Etorri Eskolara, euskara indartzeko saioak eta familia batzen laguntzeko taldea.

Bide batez, eskerrak eman dizkiete ikus-entzunezkoan parte hartutako haurrei eta haien gurasoei, baita herriko ikastetxeei eta Ongi Etorri Eskolara dinamikari ere. Hain justu ere, Ongi Etorri Eskolarako Zarauzko koordinatzaile Esti Iregik azaldu du kultur artekotasuna lantzen duela beren proiektuak, eta horretarako hainbat esku hartze egiten dituztela: batetik, teknikoak, ikerketa eta harrera plana eginez, eta bestetik, kultur arteko jarduerak ikastetxe ezberdinetan, eskola osatzen duten kultura guztiak ahalduntzen eta kultura horiek guztiak harremanetan jartzen.