Bihar epaituko dute Bizitza Da Handiena mugimenduaren elkarretaratzean atxilotutako zarauztarra

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 25a, 17:25
Zarauzko bi bizilagunak atxilotu zituzten unea. (IƱaki Agirre / Irutxuloko Hitza)

Autoritatearen aurkako atentatua, erresistentzia eta lesioak egozten dizkiote Mikel Zabaletari. Bizitza Da Handiena egitasmoaren barruko elkarretaratze baketsuan protestan zela atxilotu zuten iaz. 

Iazko maiatzean,  Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egindako goi bileraren kontrako mobilizazioetan parte hartzen ari zirela, zarauztar bat eta oriotar bat atxilotu zituen Ertzaintzak; biak, Zarauzko bizilagunak. Komisaldegira eraman zituzten, eta deklaratu ostean, urte eta erdi beranduago jaso du auzitegiaren deialdia  Mikel Zabaleta zarauztarrak. Bihar goizean izango du epaiketa Donostian. Bigarren atxilotua, berriz, absolbitu egin dute.

60 eragile inguruk parte hartu zuten Bizitza Da Handiena egitasmoan, eta Zarauzko bi bizilagunak, hasiera batean, hitzaldi bat entzutera joan ziren Donostiara. Tabakalera parean Bizitza Da Handienak antolatutako protesta baketsua ikusi eta bat egitea pentsatu zuten. "Protestan ari ginela ertzainak gerturatzen hasi ziren, gu bidali nahian, bultzaka. Bultzakada gogor baten ostean lurrera etorri nintzen, hiru ertzain nire gainera etorri eta atxilotu egin ninduten", azaldu du Zabaletak. 

Egozten dizkioten karguak autoritatearen aurkako atentatua, erresistentzia eta lesioak dira. "Beraiek diote kolpe gogor bat eman niola haietako bati bularrean".  Zabaletaren iritziz, "lotsagarriak" dira karguak. "Grabatuta dago gertatu zena, eta ez zen halako ezer gertatu. Horren froga garbia da bideoa. Guztiz kontrakoa, lasaitzeko esaten ibili nintzen lurrera bota aurretik". Urte bat eta hiru urte arteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak, baita oraindik noraino irits daitekeen ez dakiten isun ekonomikoa ere.

Egoeraren aurrean, ez du ezer onik espero auzipetuak. "Halakoetan ohituta gaude autoritatearen inpunitatera. Epaiketaren unea iristean egozten zaiguna onartu eta zigorrik arinena jasotzea izaten da helburua. Konponbidea izaten da guk egin ez genuen hori onartzea. Horrek ematen dit amorrurik handiena, eta uste dut beraiei lasaitasuna ematen diela nahi dutena egiten jarraitzeko".

Zabaletak eskerrak eman nahi izan dizkie gertatuagatik babesa eta elkartasuna eskaini dizkioten erakunde zein norbanakoei. Horren harira, Bizitza Da Handiena plataformak elkarretaratzera deitu du biharko, 12:00etan  Donostiako epaitegiaren aurrean.