Informazio panelak jarri ditu udalak herriko naturaguneetan

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 26a, 15:56

Zortzi panel berri jarri ditu Ingurumen Sailak. Zarauzko ekosistema desberdinetako fauna eta florari buruzko informazioa azaltzea dute helburu.

Udaleko Agenda 21 Sailak informazio panelak jarri ditu Eraztun Berde Urdina osatzen duen ibilbidean zehar. "Herritarrei inguru honetako ezaugarri naturalen inguruko informazioa zabaltzea" dute xede panelek, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren arabera.


Biotopoan, esaterako, hiru panel jarri dituzte. Batek ekosistemaren ezaugarri orokorrak azaltzen ditu, beste batek bertan topa daitezkeen hegaztien ezaugarriak ditu, eta hirugarrena belatz handiaren ingurukoa da, espreski. Vazquezek gogorarazi du belatz handia hegazti berezia dela, eta Biotopoaren amaierako itsaslabarrean jartzen duela habia. Beraz, gomendatu du ez hurbiltzea itsaslabarrera urtarrila eta ekaina bitartean, ugaltze prozesua ez oztopatzeko.


Informazioaz gain, eremu natural bakoitzean jarraitu beharreko arauak ere azaltzen dituzte panelek. Esaterako, biotopoan, debekatua dago ibaira jaistea, eremu babestua delako. Zortzi panel kokatu dituzte guztira, herri osoko eremu natural desberdinetan: Aipatutakoez gain, Getariako bidearen hasieran, Mutxioren sarreran, Santa Barbaran, Asti bidearen inguruko hezeguneetan eta Suhiltzaileen ondoko bidegorrian, Iritan, ibaien garrantzia azpimarratuz. Vazquezek ñabardura egin du panelak egiteko erabili den materialean: "Plastiko guztiz birziklatuarekin eginak daude, eta oso erabilgarria da materiala. Garrantzitsua da horrelako teknologiak erabiltzen hastea pixkanaka, garapen iraunkorra sustatzeko".