'Do-re-ni' proiektuari buruzko bilera irekia egingo dute astelehenean

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 27a, 09:30
(doreni.eus)

55 urtetik gorako 200 boluntarioren bila dabiltza, ikertzeko musikak duen eragina zahartze aktibo eta osasuntsuan.

Do-re-ni elkarteak ikerketa zientifiko bat du eskuartean. Zahartze osasungarri eta aktiboan musikak izan dezakeen eragina aztertzen dihardute. Elkartearen arduradunak, Xabier Lizasok, azaldu duenez, ikerketa hau egiteko Urola Kostako 55 urtetik gorako 200 boluntario behar dituzte. Hala, dagoeneko Orion bi bilera egin ditu elkarteak eta "jende ugarik" erakutsi du gaiarekiko interesa. Zarautzen datorren astelehenean izango da bilera, irailaren 30ean, 18:30ean, Antoniano aretoan. Ikerketaren nondik norakoak zarauztarrei azaltzeko eta parte hartzeko interesa dutenek informazioa jasotzeko antolatu dute.

Ikerketa zientifiko honetan elkarlanean dihardute Jose Manuel Lopez Bragado (Osakidetzako Osasun Mentaleko burua), Nicola Molinaro (Basque Center on Cognition Brain and Language-ko zientzialaria), Xabier Lizaso (Do-re-ni elkarteko presidentea), Urola Kostako Udal Elkartea, EHUko robotika saila eta Orioko Udalak. Baita Josean San Miguel konpositoreak eta Juan Kruz Igerabide idazleak ere.

Musikaren eragina garunean

Lizasok azaldu duenez, neurozientzialarien ustetan musikak beste edozerk baino gehiago estimulatzen du garuna: "Rafael Yuste neurozientzialari ezagunak dio honako hiru egoeratan egiten duela garunak lan gehien: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egiten dugunean. Gizarteak estetikaren alorrean baloratu izan du musika orain arte, baina Do-re-ni elkartetik, ikerketa honen bidez, garunaren garapenerako musika garrantzitsua dela eta, bereziki, adineko jendearen zahartze aktiboan laguntzeko tresna baliagarria dela frogatu nahi dugu.

Do-re-ni elkartetik azpimarratu nahi dute ikerketa honek ez dakarrela arriskurik ez osasunerako, ezta kostu ekonomikorik ere. "Osasunari eta zahartze aktiboari lotutako onura ugari ekarri nahi ditu, garuna estimulatu eta pertsonen bizimodua hobetu musikaren bidez", azaldu du Lizasok.