Ludger Mees: "Kanpokoei erakutsi nahi diet ETA sortu baino lehenagokoa dela euskal gatazka"

Enekoitz Esnaola-Berria 2019ko ira. 29a, 11:03

XVII. mendetik gaur arte euskal auziak edo gatazkak eman duena jaso du liburu batean Ludger Meesek. Kanpoko publikoarentzat idatzi du, "aurreiritziak" borrokatzeko. Uste du proiektuak "gaurko errealitatera" moldatu behar direla. Hona hemen Enekoitz Esnaolak Zarauzko bizilagun Ludger Meesi egindako elkarrizketa, 'Berria'-tik ekarria.

The Basque Contention: Ethnicity, Politics, Violence liburua (Routledge, 2019) idatzi du Ludger Mees EHUko Historia katedradunak, eta, hasieratik, Contention kontzeptuan ezarri du azpimarra: «Eztabaida zientifiko handi bat dago horretaz, eta fokua gehiago jartzen da gatazkari buruzko interpretazio zabalago batean, azalduz gatazka politiko bat dagoela, erakundeak, sindikatuak, hauteskundeak, gizarte mugimendu zabala, eta zer lotura dagoen horien eta indarkeriaren artean» (Hemen elkarrizketaren bertsio luzea). Euskal auzia (ere) «konplexua» dela, alegia, Meesen (Essen, Alemania, 1957) esanetan. Uste du Routledge argitaletxearen «prestigioak» lagunduko diola mezua hedatzen. 

Zer helburu duzu liburuarekin?

Ingelesez idatzi dudanez, kanpoko publikoari zuzenduta dago, eta irudipena dut kanpoan bi aurreiritzi daudela Euskal Herriko kontuez. Aurreneko irudipena da jende askok pentsatzen duela euskal gatazka bortizkeriarekin lotuta baino ez dagoela; uste dute ETA izan dela hemengo gatazkaren oinarria eta zergatia. Liburuarekin erakutsi nahi diet hori ez dela horrela izan, ETA sortu baino askoz lehenagokoa baita gatazka. Euskal berezitasuna lehenagokoa da, eta hori landu dut, gaur egunera iritsi arte, ikusteko indarkeria gatazkaren parte garrantzitsu bat dela baina ez gatazka bera. Bigarren irudipena da jende askok uste duela gatazka honen ondorio ezinbestekoa edo logikoa izan dela ETA; hau da, gatazka dagoenez, ETA sortu zela. Horrekin ere hautsi nahi izan dut.

XVII. mendetik aurrerako aldiak jorratu dituzu. XVI. mendearen hasiera ere esanguratsua izan zen, Nafarroaren konkistagatik.

Atal batean jo dut XVII. mendea baino lehenagoko garaietara, Errege-Erregina Katolikoak agertu zirenekora, baina XVII. mendea hartu dut abiapuntu gisa, orduan hasi zelako lehen aldiz jendaurrean agertzen euskal berezitasunaren adierazpen bat. Zera jorratu dut, batez ere: Euskal Herria kontzeptua nola, non eta noiz agertu zen, eta zer zentzurekin. XVII. mendetik aurrera izan zen hori.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria-n