Maider Etxezabalek irabazi du Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 30a, 11:37
Maider Etxezabal, ezkerretik bigarrena, txapelarekin.

07:48,69ko denbora behar izan zuen larunbatean Zarauzko bizilagun azpeitiarrak 50 lokotx biltzeko.

Zarauzko bizilagun Maider Etxezabal azpeitiarrak Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi zuen larunbatean, Igantzin (Nafarroa). Arabako, Bizkaiko nahiz Nafarroako txapeldunak eta txapeldunordeak aritu ziren lehian; tartean Etxezabal, Arabako txapeldunordea delako –Laudion lortu zuen balentria, 50 lokotx 8 minututan eta 22 segundotan bilduta–.

Lehen txandan Maika Ariztegi Nafarroako txapeldunaren eta Irantzu Onaindia Bizkaiko txapeldunaren aurka aritu zen lehian azpeitiarra, eta gutxigatik bada ere, proba irabaztea lortu zuen. Larunbatean ere 50 lokotx bildu behar izan zituzten parte-hartzaileek. Bigarren txandan, berriz, Arabako txapeldun Zuriñe Frutos, Bizkaiko azpitxapeldun Goizalde Aransolo nahiz Nafarroako txapelduorde Ainhoa Iraizoz aritu ziren nor baino nor, eta Iraizozek irabazi zuen. Estua izan zen lehia guztia, baina Etxezabalek Euskal Herriko txapela janztea lortu zuen: hain zuzen ere, lanak bukatzeko 7 minutu, 48 segundo eta 69 ehunen behar izan zituen, eta bigarren sailkatuak, Iraizozek, 07:48,80ko denbora.

Etxezabal hainbat kiroletan aritutakoa da, hala nola sokatiran eta igerian. Azpeitiarrak zilarrezko domina eskuratu zuen iaz Txinako Munduko Sokatira Txapelketan, eta lorpen hori tarteko iazko emakumezko kirolari onenaren saria jaso zuen.