Matematikoki sailkatu dira final laurdenetarako Mantxi eta Zubia

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 30a, 17:24
IƱigo Mantzizidor 'Mantxi', Amasa-Villabonako final zortzirenean. (Bertsozale Elkartea)

Iñigo Mantzizidor 'Mantxi'-k bigarren egin zuen bere saioan (432,5 puntu) eta hirugarren Zubiak (428,5 puntu). Oraindik final zortzirenak amaitu ez badira ere, final laurdenetarako txartela esku artean dute bi zarauztarrek, azken saioko bertsolari guztiak sailkatuta ere, barruan izango baitira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken aurreko kanporaketa izan zen atzo Elgoibarren, eta Ane Labaka nagusitu zen 458,5 punturekin. Orain arteko puntuazioak mahai gainean, eta kontuan izanda final zortziren bakarra falta dela txapelketaren fase hori bukatzeko, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi' eta Felix Zubia matematikoki sailkatuta daude final laurdenetarako.

Final zortzirenetako saioetako irabazleak zuzenean sailkatzen dira hurrengo fasera, eta gainerako hamazazpiek puntuazioaren arabera egingo dute aurrera. Dena den, final zortzirenetako saio baten faltan argitu da zeintzuk izango diren eskuratutako puntuei esker txapelketan aurrera egingo duten bertsolarietako batzuk, eta haien artean dira Mantxi (432,5 puntu) eta Zubia (428,5 puntu) bertsolari zarauztarrak.

Azken final zortzirenetako saioaren zain egon beharko dute puntuazioaren arabera sailkatutako bertsolariek hurrengo fasean non abestuko duten jakiteko. Azken final zortzirenetakoan Oier Aizpurua zarauztarrak abestuko du Lasarte-Orian, 17:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Hainbat bertsolari txapelketatik kanpo gelditu da; tartean, zarauztar batzuk. Ez dute lehian jarraituko Aitor Urbieta zarauztarrak, Ainhoa Agirreazaldegi zarauztarrak eta Beñat Jauregi zarauztarrak.