Carmen Iglesiasek jasoko du larunbatean Mario Onaindia Saria

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 3a, 16:50

Mario Onaindia Fundazioak, Mario Onaindia zenaren omenezko jardunaldiak antolatu ditu biharko eta larunbaterako, Zazpi kultur Elkartean. 

Alde batetik, bihar arratsalderako mahai ingurua antolatu dute, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Katedradun Alberto Lopez Basagurenek, Antonio Riverak eta Txema Portillok Estatus Berria izango dute hizpide.  Antolatzaileen esanetan, "azken urtetan Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari diren gaia" da. Solasaldia Felipe Juaristi idazle azkoitiarrak gidatuko du, 19:30ean hasita.


Larunbatean Mario Onaindia Sariaren ekitaldia izango da, 12:00etan hasita. Aurten, Espainiako Errege Akademiako eta Espainiako Historiako Akademiako zuzendari Carmen Iglesias omenduko dute, fundazioko kideen iritziz, akademikoa izateaz gain, "mundu intelektualeko eragile garrantzitsua" da Iglesias. Bestalde, ekitaldian parte hartuko du Juan Pablo Fusi historialariak.