Babeslea: Koba interiorismo

Karmele Martiarena: "Herritarren erantzunak bizipoza ematen zuen aurrera jarraitzeko"

Onintza Lete Arrieta 2019ko urr. 3a, 17:46
Ikastolako idazkari Karmele Martiarena. (Onintza Lete Arrieta)

Igandekoa hirugarren Kilometroak izango dira Zarauzko Ikastolarentzat. 1987an ospatu zen aurreneko jaia, eta ordurako Ikastolako langilea zen Karmele Martiarena Salbatore Mitxelena Ikastolako idazkaria.

Zarauzko Kilometro guztiak barrutik bizi izan dituzu. Nola gogoratzen dituzu aurreko biak?
Malenkoniaz. Bizi izan ez duenarentzat ez da erraza ulertzea garai haietako egoera sozial eta politikoa. Lehen Kilometroak jaiaren berezitasuna auzolana, konpromisoa eta laguntza izan zirela dut gogoan. Garai hartan ezagutu genuen lehen festa erraldoia izan zen, eta horrek kezka handia sortzen zuen. Baina, festa erraldoia bezain xumea zen. Bakoitzak ahal zuena aportatzen zuen, herritar ororen festa bilakatu arte, euskararen aldeko festa nagusia.


Gainean da igandea. Urduri? Zer egitea egokitu zaizu?
Urduri baino urduriago, ikastolako kide guztiak bezalaxe. Beti duzu buruan: ondo irtengo da? Eguraldiak lagunduko du? Eta bestela, zer egingo dugu? Dena lotuta dago? Lasaitasuna ez dugu lagun izaten egun hauetan, nahiz eta jakin ahal izan duguna egin dugula, eta egingo dugula. Aurten komunikazio lantaldea egokitu zait. Oso talde polita da, lagunak ere egin ditut, eta lanerako gogo handia egon da. Gustura jardun dut. Igandean, goiz partean talde horrekin ibiliko naiz webgunea elikatzen. Arratsaldean, berriz, tonbolan ariko naiz zortea banatzen.

Gogoan duzu aurreko bi aldietan zer lan egin zenituen?
1987ko Kilometroetan ez nuen lan handirik egin, egia esan. Haurdun nengoen, eta hilabete batzuk gaixotasun-baja egoeran pasa behar izan nituen. Lan egin ordez, egun zoragarri batez disfrutatu nuen. 2004an, berriz, zirkuituko lantaldean jardun nuen. Bilera asko, eskaera ofizialak, nondik nora erabaki… Gaur egungoaren antzekoa izango zen, nahiz eta orduan Oriotik Zarautzera izan eta ibilbidea luzeago eta konplexuagoa izan.


Kilometroen bilakaera nolakoa iruditu zaizu? Antolakuntza aldetik, esaterako.
Hasierako eta oraingo antolakuntzak ez dute zerikusirik. Egia da teknologiak asko errazten dituela gauza batzuk, baina horrek ez du esan nahi dena egina jasoko dugunik. Ikusi baino ez dugu egin behar aurten ere zenbat eta zenbat jende behar izan den antolakuntza egoki bat bermatzeko; buru eta esku asko ezinbestekoak izan dira. Lehen, lan batzuetarako behar izaten ziren eskuak eta orain, aldiz, beste lan batzuetarako. 


Eta, irizpideei dagokienez?
Ez dut aldaketa nabarmenik ikusten: ez badirudi ere, helburuak, zoritxarrez, berberak izaten jarraitzen dutelako, hau da, euskararen normalizazioa, ikastolen arnas ekonomikoa… Aldaketak egon dira, ezin da ukatu, baina oraindik ez ditugu helburuak bete. 


1987ko Kilometroek zerikusi gutxi izango zuten igande honetakoarekin alderatuta...
Lehen esan bezala, ez du zerikusirik, antolaketa mailan behintzat. Auzolanari dagokionez, berriz, auzolana ez da bakarrik txosnak muntatzea edo tiketak saltzeko jendea topatzea. Erakusketa bat egin behar bazen, artistarekin telefonoz jarri behar zen harremanetan, horrek daraman denborarekin, eta hitz egin eta hitzorduak lortu eta erakusketa osatu. Horrela, pausoz pauso egin behar zen guztia. Halere, herriko jendearen erantzunak bizipoza ematen zuen aurrera jarraitzeko. Eta hori aurtengo Kilometroak antolatzerakoan ere ikusi dugu, jende andana laguntzeko prest eta ilusioa nagusi. 


Zer eman die Kilometroak jaiek Zarauzko Ikastolari? 
Bi alde bereiztuko nituzke. Egia da, Kilometroak jaiak hauspo ekonomikoa suposatzen duela ikastolarentzat. Tristura ematen dit Euskal Herrian eta XXI. mendean oraindik ere horren beharrean izatea, baina gauzak horrela daude eta gutxi ari gara aurreratzen. Bestalde, esango nuke euskal kultura eta euskararen hedapenerako oso baliagarria dela Kilometroak urte osora zabalduta egotea. Horren lekuko dira aurtengo honetan izan ditugun kultur ekitaldi anitzak. 


Hamaika bitxikeria, anekdota… biziko zenituzten. Azpimarratzekorik baduzu gogoan?
2004an Oriok eta Zarautzek elkarrekin antolatu genituen Kilometroak. Zirkuituko lantaldean jardun nuen eta, jakina denez, oriotarrek eta zarauztarrok beti izan dugu lehia natural bat. Orduan ere, bakoitzak bere herrira eraman nahi zituen metroak eta kilometroak. Zorionez, taldean oso ondo moldatu ginen eta haserrerik gabe primeran bete genuen helburua. 


Igandean euria egiten badu?
Euskararen aterkipean egongo gara, gogoz beterik! Amaitzeko, eskerrak eman nahi nizkieke Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatu dituen hiru Kilometroetan bere laguntza, eguneko minutu bat, txanpon batzuk eskaini duten guztiei. Euskara, Ikastola eta Kilometroak bihotzean daramatzaten guztiei, eskerrik asko!