Oier Aizpurua: "Ez da erraza izango, baina umoretik abestu nahi nuke"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urr. 5a, 11:00
(Amaia Urbieta Arruti)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final zortzirenean abestuko du Oier Aizpuruak gaur, Lasarte-Orian. 17:00etan hasiko da saioa Manuel Lekuona kultur aretoan, eta Aizpuruarekin batera ariko dira kantuan Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Unai Izagirre eta Aitor Salegi. Dagoeneko batzuek txartela ziurtaturik duten arren, gaur erabakiko da final-laurdenetan abestuko duten 30 bertsolariak nortzuk izango diren.

Azken final zortzirenean abestea egokitu zaizu. Itxaron egin behar izan duzu, beraz. Nola eraman duzu hori?

Egia esan nahiko deskonektatuta ibili naiz, kanpoan izan naiz eta ez dut gehiegi jarraitu txapelketa orain arte. Ezin izan dut saio bakarra ere ikusi, beraz, azken saioa izan edo aurrena izan ez dago desberdintasun handirik niretzat. Egia da gaiak irakurtzen ibili naizela eta badut ideia bat, zein estilotakoak izan daitezkeen. Dena den, azken saioa izanik, badakit gutxi gorabehera zenbat puntu eskuratu behar ditudan fasez pasatzeko; saioan zaudenean, ordea, ezin duzu halako kalkulurik egin.

Puntuak jakite hori zenbateraino da ona?

Ez dakit. Hori jakinda ere, egia da batzuetan saio batzuk oso altu puntuatzen dituztela eta beste batzuk oso baxu. Azkenean, dakidan bakarra da saio txukun bat egin beharko dudala pasatzeko. Ez dut uste eragingo didanik etengabe puntuetan pentsatzen egotea. Azken saioa izango bada ere, kontzerntratua egongo naiz ondo egin nahian, hankarik ez sartu nahian. Sekulako saioa egiten ari banaiz baliteke bukaeran arrisku txikiagoa hartzea, eta eskas baldin banabil bukaeran bide arriskutsuagoak hartzea, baina matematikek azkenean askorik ez dute balio. Saio txukuna egin behar da eta kitto.

Zein da zure buruari jarri diozun erronka?

Gaiak horretarako egokitzen baldin bazaizkit behintzat, umoretik nahiko nuke abestu. Azkenean, urtean behin da txapelketa eta ez gara hortik biziko, beraz, lagun artean abestean naizen hori izan nahi nuke. Umoretik, grazia pixka batekin... hankarik sartu gabe, noski. Azkenean, txapelketa batean baloratzen da gehien bat hankarik ez sartzea. Pena da, baina askotan hobe da hiru ondo egin eta behin hanka sartu baino lau bertso besterik gabe, nahiko txukun botatzea. Hori guztia kontuan hartuta, umorea nahiko nuke sartu.

Ez du konbinaketa erraza ematen.

Ez, txapelketan hori gertatzen da. Gogorra da esatea, baina batzuetan txapelketako saioetan aspertu ere egiten naiz. Iruditzen zait guztia oso estandar joaten dela eta jendea ez erortzera joaten dela. Gehiago disfrutatzen dut bertso afari batean edo beste edozein saiotan. Jendea beste perspektiba batekin joaten da txapelktara, ez hankarik sartzea baloratzen delako, asmatzea baino gehiago. Baina tira, saiatuko naiz hala ere umorea sartzen.

Zuk esandakoaren arabera, txapelketako saioak aspergarriak izan daitezke batzuetan. Hala ere izugarrizko indarra du gaur egun txapelketak.

Bai, postuak markatzen dituelako askotan, eta jendeak asko jarraitzen du txapelketa "Horrek zer egin du?" eta "Hau non geratu da?", morbositate puntua dauka. Horregatik, askotan ez zara horren eroso sentitzen eta nahiago duzu apur bat estandarrago abestu, seguruago. Gero norberaren estiloaren araberakoa da guztia, batzuk plazan ere horrela abesten dute, beste hausnarketa mota batzuk helarazi nahi dituztelako edo beste umore mota bat dutelako. Nik hitzekin jolasteko umorea nahi dut sartu, ahal badut, baina ez da erraza askotan horra jotzea.

Umore mota hori zurea duzu, izan ere.

Bai, horregatik nahi dut sartu. Horrela abesten dut nik eta iruditzen zait azkenean norberak daukana eman behar duela eta ez hainbeste egokitu epaileek ondoen baloratuko duten horretara. Baina esatea errazagoa da egitea baino, eta promesarik ez dut egin nahi.

Bertsolarien erakusleihoa al da txapelketa?

Bai, guztiz da erakusleihoa. Gipuzkoan batez ere, non harri koxkorren azpian ere bertsolariak gauden. Adibidez, nire adin bueltako gizonezko bertsolariak asko gara eta denontzako ez dago lekurik plazan, dibertsitatea bilatzen delako. Orduan, txapelketa da erakusleiho bakarra zentzu horretan, plazak lortu nahi dituenarentzat. Hain justu horregatik, bada interesgarria txapelketan norberak beretik abestea, eta ez sartzea ezarritako kanon baten barruan, nire ustez.