"Jaso ditzakedan sarien artean hau da estimu gehien diodana"

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 5a, 13:47

Mario Onaindia Fundazioak antolatutako jardunaldien barruan, Mario Onaindia Saria eman diote gaur eguerdian Carmen Iglesiasi Zazpi Kultur Elkartean.

Espainiako Errege Akademiako eta Espainiako Historiako Akademiako zuzendaria omenduko dute aurtengo jardunaldietan, fundazioko kideen iritziz, akademikoa izateaz gain, mundu intelektualeko eragile garrantzitsua delako. Gisa horretan aurkeztu du Mario Onaindia Fundazioko kide Alberto Agirrezabalek ekitaldi hasieran, bere ibilbide oparoari gainbegirada emanez. Juan Pablo Fusi historialariak ere parte hartu du, eta honek luze eta zabal xehetu du Iglesiasen lan-eskerga eta merituak.

Felipe Juaristik, musikari baten laguntzarekin, poesia bat bera euskaraz eta gaztelaniaz errezitatu ostean, Mario Onaindiaren alargun Esozi Leturiondok Agustin Ibarrolak eginiko oroigarria eman dio Carmen Iglesiasi, besarkada eta musu artean.

Saritua oso hunkituta agertu da aitortzarekin, eta onartu du Agirrezabalek telefonoz hots egin zionean ezustean harrapatu zuela, baina "ezuste hungarria" izan zela. Onaindiarekin izan zuen harremanari buruzko pasarte batzuk kontatu ditu, eta hitz-hartzea biribiltzeko zera aitortu du: "Jaso ditzakedan sarien artean hau da estimu gehien diodana".