Hirugarren izan da Oier Aizpurua txapelketako azken final-zortzirenean

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 5a, 20:13

Gaurko saioaren puntuaketak jakin ostean, erabakita geratu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan kantatuko duten bertsolariak. Oier Aizpuruak ez du txartelik lortu eta, honenbestez, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi' eta Felix Zubia izango dira Zarauzko bertsolarien artean aurrera egingo dutenak.

Hirugarren izan da Oier Aizpurua bertsolari zarauztarra Lasarten, Gipuzkoako Bertsolari  Txapelketako azken final-zortzirenean. 401 puntu eskuratu ditu Aizpuruak, baina ez dira nahikoa izango final-laurdenetara igarotzeko. Mikel Artolak irabazi du gaurko saioa 429 punturekin, eta bera da gaurko saiotik hurrengo faserako sailkatu den bertsolari bakarra. 

Gaur erabakita geratu dira final-laurdenetan kantatuko duten bertsolariak, eta bukatu berri den fasean kantatu duten Zarauzko sei bertsolarietatik bik lortu dute aurrera egitea: Iñigo Mantzizidor Mantxik eta Felix Zubiak. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Beñat Jauregi eta Oier Aizpuruak, berriz, ez dute lehian aurrera egingo. Zubiak urriaren 26an izango du saioa Eibarko Coliseo antzokian, eta Mantxik hurrengo egunean, hilaren 27an, Azpeitiko Soreasu antzokian.