Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen martxa Zarautzera iritsiko da bihar

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 8a, 12:08

Maria Etxetxiki eguneko zentroaren aurrean jarri dute protestarako hitzordua, 11:30ean.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak greban daude, ELA sindikatuak deituta, eta lanuzteekin batera mobilizazioak egiten ari dira. Hain zuzen ere, beren lan gatazka konpontzea eskatzeko martxa abiatu zuten atzo; lurralde osoa zeharkatuko dute hilaren 18ra arte egingo duten martxa horretan, eta bihar eta hilaren 17an mobilizazioak egingo dituzte Urola Kostako herrietan.

Bihar, Zumaiara eta Zarautzera iritsiko da egoitzetako langileen martxa. Zumaian, 10:00etan elkartuko dira Otezuri egoitzaren aurrean, eta orduerdiko manifestazioa egingo dute handik abiatuta. 11:30ean, berriz, Zarauzko Maria Etxetxiki egoitzaren atarian dute hitzordua grebalariek.

Datorren asteko ostegunean, hilaren 17an, Azkoitira eta Azpeitira iritsiko da egoitzetako langileen martxa; 10:30ean elkartuko dira Azkoitiko San Jose egoitzaren atarian, eta 12:00etan Azpeitiko San Martin egoitzakoan.

Lan hitzarmena eta soldata arrakala

ELAk gogoratu du “Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan” ari direla borrokan grebalariak. “2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, egoera hankaz gora dago”, azaldu sindikatuak.

Mobilizazioekin, “grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu” nahi dute: “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe, gainera. Gaur egun, gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.