Bideoa: Ari dira Iñurritza ibaiko horma botatzen San Pelaio aldean

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 11a, 11:27

Iñurritza ibaia naturalizatzeko asmoa du Uraren Euskal Agentziak, eta egunotan ari dira zati batean horma kentzen. Suhitzaileen etxe ingurutik San Pelaio aldera ari dira, baina ibaiaren bestaldean, Itxasmendi auzoaren aldean.

Horma kentzearen helburua ingurumena hobetzea da, garai bateko esku hartze aldrebesak bere onera ekarriz. Iñurritza ibaiaren ertzean horma dago hainbat eta hainbat metrotan, eta zati bati kentzea da asmoa, "nahikoa lur badagoelako ibaia hazita datorrenean zabaldu dadin".

Bideoan ikus daitekeenez, hasiak ditu lanak Uraren Euskal Agentziak, eta ohar bidez agentziak zehaztu du 258 metro horma kendu dituztela guztira, eta horren ordez birlandatutako ezponda jarriko dela eta hezegune zabal bat sortuko dela, "garai batean padura zegoen lurretan".

Adierazi dutenez, "bioingenieritza teknikak erabiliko dira ibilguaren forma naturala eta bertako landaredia berreskuratzeko".

Azpimarratu dute, gainera, "nabarmen" lagunduko duela ur goraldiek hiri-ingurunean izan ditzaketen eraginak arintzen.

Otsailean Itxasmendiko auzotarrekin bildu ziren Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziako zuzendari nagusia eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia. Hemen irakur daiteke artikulu hura.