Agintaldiko aurreneko 100 egunen balorazioa egin du EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 11a, 14:22

Koalizioak zer lan egin dituen azaldu du prentsa ohar bidez, baita udal gobernuaren jarrera eta hainbat erabaki kritikatu ere; esaterako, hondartzetako sorosleen gaia, Salberdingo proiektua eta Los 40 Summer Live jaialdia aipatu ditu.

Udalbatza eta udal gobernua eratu zirenetik ehun egun bete direla eta, denbora tarte horretan egindako lanaren eta bultzatutako ekimenen berri eman du Zarauzko EH Bilduren zinegotzi taldeak. Ohar bidez, azaldu du agintaldi hasierako lehentasuna izan dela taldea antolatzeko barne lanketa egitea. Horretarako, hainbat eratako saioak egin dituzte.

Bestalde, udal gobernuaren jarrera ere kritikatu du koalizioak. "Zarauzko Udaleko EH Bilduren taldeak elkarlanerako borondatea berretsi dio EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari. Lankidetza hori benetakoa izan zedin Tokiko Gobernu Batzordean eta koordinazio bileretan parte hartu ahal izatea proposatu genuen, beste hainbat udaletan egiten den bezala, baina ezezko borobila jaso genuen. Demokraziaren alde dagoen erakunde batek bertan parte hartzen duten talde guztiei ateak ireki behar lizkiekela uste dugu. Gardentasunez eta elkarlanean aritzeko bide egokiena litzateke, eta denok irabaziko genuke".

EH Bilduk esan du agintaldi hasieran honetan hainbat gaitan erakutsi duela desadostasuna udal gobernuarekin: hondartzako sorosleen gaia, Los 40 Summer Live jaialdia eta Salberdingo hirigintza proiektua aipatu ditu.

Hondartzako sorosleen gaiaz, koalizioak nabarmendu du udal gobernuaren erantzukizuna dela hondartzako segurtasuna bermatzea, eta aurtengo udan ez dela bermatu. Horregatik, mozio bidez urgentziazko kontratu aldaketa egin eta segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatu zuen EH Bilduk uztailaren 23ko udalbatzarrean. "Ez zen aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako. Ondorioz, hondartzako gune batzuk zaindu gabe egon dira".

Musika jaialdiari dagokionez, EH Bilduk zera adierazi du: "Los 40 Summer Live kontzertuaren eredua oso eztabaidagarria da hainbat ikuspuntutatik begiratuta. Gainera, kontzertuan parte hartu zuen musika talde baten hainbat abestitan indarkeria matxista eta bortxaketaren kultura sustatu ziren. Larria da ekitaldi hori udalak antolatzea eta diru publikoarekin ordaindua izatea, udalak erantzukizuna  baitu parekidetasun ordenantza betetzeko eta betearazteko. Horregatik, EH Bilduren taldeak udal gobernuari proposatu zion gaia lantzeko prozesua zabaltzea denen parte hartzearekin. Baina oraindik ez dugu erantzunik jaso".

Azkenik, kezka agertu du Salberdingo hirigintza proiektuaz: "Udal gobernuak proiektua behin betiko onartu du, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak egin berria duen Ingurumenaren Gaineko Eraginari Buruzko Txostenak proiektuaren Ipar aldea baino ez hartu kontuan, proiektu osoa beharrean. Erabaki horrek sortzen digun kezka adierazi dugu Lurralde Informazio Batzordeetan, ez duelako bermatzen etorkizunean komeni ez den ezustekorik egongo ez denik. Arazorik ez sortzea espero dugu".

Desadostasunak izan arren nagusi, adostasun bat ere aipatu du EH Bilduk bere prentsa oharrean: "Adostasunen artean, nabarmendu nahi dugu Klima Aldaketaren Aurkako Egunaren harira gure ekimenez udalbatzak aho batez onartutako adierazpen instituzionala, iraileko udalbatzarrean. Hala, udalak konpromisoa hartu du politika eraginkorrak garatzeko, aldaketa klimatikoari aurre egiteko".

EH Bilduren lana

 

Bestetik, koalzioak azaldu du zer lan egin dituen agintaldi hasieratik. Udal departamentuetan ardura zuzenik izan ez arren, arloz arloko ardura banaketa egin dutela azaldu dute, "gai bakoitza hobeto jarraitzeko". Hala, Hirigintza gaiak Itziar Muruak eta Mikel Goenagak hartu dituzte beren gain; Ogasuna Ion Arozenak eta Eider Illarramendik; Kultura Jexus Goikoetxeak eta Itziar Muruak; Mugikortasuna Jabi Etxaburuk eta Mikel Goenagak; eta Turismoa, berriz, Ainara Landak eta Begotxu Olaizolak. Gainerako arloei buruzko zehaztasunik ez du eman EH Bilduk.

Koalizioak jakinarazi du departamentu guztietako teknikariekin bildu direla, "udala bera barrutik ezagutzea ezinbestekoa delako". Beren burua aurkeztu, eta haien lana ezagutu dute horrela. "Teknikari guztiek oso ondo hartu gaituzte, eta eskerrak eman nahi dizkiegu".