Abiatu da Itsasotik Herrira jaialdia

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 11a, 18:22

Ingurumena gaitzat hartuta, familia osoarentzako ikuskizun batekin eman diote hasiera Kosta bailarako sortzaile eta artisten jaialdiari Lege Zaharren enparantzan; ordu berean, Arrosategi parkean erakusketa zabaldu dute, eta tailerra eskaini dute Etxezabalan.

Bi egunetan hogei ekintza inguru eskainiko dituzte bailarako bost herrietako hainbat talde, artista eta sortzailek Zarautzen, Itsasotik Herrira jaialdian.

Urola Kostako Udal Elkarteak bertako sorkuntza bultzatu nahi du, eta horregatik diziplina anitzetako saioak prestatu dituzte astebururako. Gaia, hori bai, bakarra: ingurumena.

Jaialdiari hasiera emateko, hiru ekitaldi izan dira: batetik, familia osoari zuzendutako Inguru…Klown ikuskizuna eskaini dute Lege Zaharren enparantzan, 17:30ean hasita. Ikuskizuna eskaintzen, berriz, hainbat herritako emakumeek osatutako talde bat (zarauztarrak gehienak, baina badira getariarrak, hernaniarrak nahiz donostiarrak taldean). Ordu berean zabaldu dute Arrosategi parkean 7 begirada ingurumenari erakusketa, eta Etxezabalan ere ordu horretan hasi da Teknologia berriak sormen prozesuetan tailerra.

Hainbat dira haur eta gaztetxoei begira antolatutako saioak: Entzunez sortu sormen-esperientzia tailerra, zirku tailerra, buruhandiak egiten ikasteko tailerra eta Olatuen xuxurla ipuin kontaketa, hain zuzen.

Zuzeneko emanaldi berritzaileak ere egongo dira; adibidez, jaialdirako propio sortutako Hauts izeneko bideo-mapping ikuskizuna. Lau saio eskainiko dituzte bi egunetan, Arrosategi parkean. Animazio teknika, dantza eta antzerkia uztartuz osatutako lan horretan eskualdeko hamar profesionalek hartuko dute parte.

Musika ere ez da faltako. Unax Nogales eta Antxon Sarasua zarauztarrek Game Cover bertsio saioa eskainiko dute, eta Bermuda Kolektiboak, musika elektroniko alternatiboa.

Bailarako abesbatzen lehen topaketa ere egingo da: Salatxo Abesbatza (Orio), Salbatore Deuna Abesbatza (Getaria) eta Zarauzko Abesbatza elkarrekin ariko dira, 120 pertsona baino gehiago bilduz parrokian.

Bestetik, Beduolak Hiru Anai ontziaren berreskuratze-lanak aterako ditu argitara, 7 begirada ingurumenari eskultura-erakusketa egingo dute, eta bailarako hamar artistaren lanak erakutsiko dituzte Musika Plazan nahiz herriko hainbat saltokitan.

Egitaraua


Urriak 11, ostirala
17:30. Irekiera ekitaldia:
- Inguru...Klowna ikuskizuna, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan.
-7 begirada ingurumenari erakusketaren irekiera, Arrosategi parkean.
-Teknologia berriak sormen prozesuetan tailerra , Etxezabalan.
17:30. Itsas ondarea, Beduola elkartearen eskutik, Munoan. 
18:30. Entzunez sortu familientzat sormen-esperientzia tailerra, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazako lehen solairuan. 
18:30. Margotu zure aurpegia!, Monte Albertiaren eskutik, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazan.
20:00. Game Cover musika emanaldia, Unax Nogales eta Antxon Sarasuaren eskutik, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan.
21:00 eta 22:00. Hauts bideo-mapping ikuskizuna, Arrosategi parkean; euria bada, Modelo aretoan.

Urriak 12, larunbata
10:00. 7 begirada ingurumenari erakusketaren irekiera, Arrosategi parkean.
10:00. Itsas ondarea eta Hiru Anai ontziaren berreskuratze-lanak, Beduola elkartearen eskutik, Munoan.
11:00-13:00. Buruhandi tailerra, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazako lehen solairuan. 
11:30-13:30. Zirku tailerra, Nere Rubiorekin, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan. 
12:00. Teknologia berriak sormen prozesuetan tailerra, Etxezabalan.
17:00. Olatuen xuxurla ipuin kontaketa, Leire Zinkunegiren eskutik, Sormen eskolan (Bizkaia kalea, 11). 
20:15. Bermuda Kolektiboaren (Anwolt eta Xiarroman) musika emanaldia, Lege Zaharren enparantzan.
20:15. Eskualdeko abesbatzen topaketa (Salatxo, Salbatore eta Zarauzko abesbatzak), parrokian.
22:00 eta 22:45. Hauts bideo-mapping ikuskizuna, Arrosategi parkean; euria bada, Modelo aretoan.