Jokin Eizmendi bigarren izan da Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 14a, 11:55
Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako parte hartzaileak. (Ibon Errazu)

Atzo arratsaldean jokatu zen Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa, Zizurkilen. Parte hartu duten bost harri-jasotzaileak eskualdekoak izan dira. Aimar Irigoien errezildarrak egin du aurrena eta Jokin Eizmendi zarauztarrak bigarren.

Iaz bezala, aurten ere,  Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa. Oraingo honetan, gainera, iaz baino kilo gehiago altxatzea lortu du Irigoienek: aurten 6.675 kilo altxatu ditu eta iaz 5.875. Bigarren postuan Jokin Eizmendi zarauztarrak egin zuen, 5.770 kilo jasota.

Atzo, igandea, jokatu zen Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa Zizurkilen, eta lehian aritu ziren bost harri-jasotzaileak Urola Kostakoak izan ziren. Lau harrirekin lan egin behar izan zuten lehiakideek, harri bakoitzarekin bina minutuko txandan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Irigoienek sei aldiz jaso zuen 200 kilokoa, hamabi aldiz 175ekoa, hamarretan 150ekoa eta hamabostetan 125ekoa.

Sailkapena:
1. Aimar Irigoien (Errezil). 6.675 kilo (6-12-10-15).
2. Jokin Eizmendi (Zarautz). 5.770 kilo (6-9-9-13).
3. Jon Unanue Goenatxo III (Azkoitia). 4.350 kilo (5-6-7-10)
4. Xabier Aranburu Guzta (Azpeitia). 4.150 kilo (4-6-7-10)
5. Aimar Galarraga (Orio). 4.150 (4-7-5-11)