Mundubiran euskaldunek egin zuten ekarpena jaso du Daniel Zulaikak liburu batean

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko urr. 17a, 10:19
Ion Irurzun, Daniel Zulaika, Denis Itxaso eta Xabier Alberdi, liburuaren aurkezpenean.

‘Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia’ liburua aurkeztu du Daniel Zulaikak. Bi urtez historiaren arloan egindako lanaren emaitza da kaleratu berri duten lana.

Daniel Zulaika mediku eta historiagile zarauztarrak atzo goizean aurkeztu zuen Donostiako Euskal Itsas Museoan azken bi urteetan egin duen ikerketaren emaitza: Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia liburua. Harekin batera izan ziren aurkezpenean Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua eta Elkano 500 Fundazioko patronoa, Ion Irurzun fundazioko zuzendaria eta Xabier Alberdi museoko zuzendaria.

Lan horri esker, lehenengo aldiz berrikusi, aztertu eta dokumentatu dute duela 500 urte, 1519 eta 1522 artean, Joan Sebastian Elkanok munduaren inguruan egindako itzulian euskaldunek izan zuten zeregina. Hain zuzen, hiru nao euskaldunek parte hartu zuten espedizioan, baita 22 bizkaitarrek, bederatzi gipuzkoarrek eta hiru nafarrek ere. Horien artean marinelak eta beste lanbide batzuetako eskifaia-kideak egon ziren, eta horietatik seik Elkanorekin batera amaitu zuten itzulia.

Nabigaziorako gaitasuna

«Ez zen kasualitatea izan euskaldunak munduaren inguruko lehen itzulian izatea. Euskaldunek nabigaziorako eta ontzigintzarako zuten gaitasun handiak ezinbesteko egin zuten horien presentzia XVI. mendeko itsas espedizioetan», esan zuen Zulaikak. Liburuaren helburua da, beraz, nabarmentzea euskaldunak izan zirela espedizioan parte hartu zutenak: bai antolaketan, bai espedizioa abian jartzeko lanetan ere.

Itxasok bide beretik jo eta euskaldunen ekintzailetasun sena azpimarratu zuen. «Lan horretan ederki islatzen da euskaldunok ekarpen handia egin diogula gizateriaren lorpen garrantzitsuenetako bati». Irurzunek, bere aldetik, liburuaren originaltasunean eta garrantzian jarri zuen arreta. Haren iritziz, orain arte euskaldunak munduaren inguruko lehen itzuliari buruzko dokumentu askotan agertu arren, informazio hori sakabanatuta zegoen. «Beharrezkoa zen bateratze lana egin du Zulaikak», esan zuen.

Paperean eta ‘online’

Liburua euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu dute, eta horretarako laguntza eman dute diputazioak, Elkano Fundazioak, Euskal Itsas Museoak eta Kutxa Fundazioak. Paperezko aleak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegi publikoen sarean banatuko dituzte, eta Fundazioaren eta Museoaren webguneetan aurkituko dute Internetez.