Edukiz eta aisiaz jantzi dute Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen 6. Azoka

Onintza Lete Arrieta 2019ko urr. 19a, 17:02

Lege Zaharren enparantzan egin da Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatutako azoka. Elkarte batzuek informazioa eman dute, beste batzuek materiala saldu, eta giroa berotzeko doako jan-edana eta zuzeneko musika egon da. Mural bat margotu ere egin dute.

10:00etatik 14:00etara, 20 postutik gora egon dira zabalik Lege Zaharren enparantzan, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen 6. Azokaren barruan. Herriko elkarteak nahiz eremu zabalagoko elkarteak bertaratu dira Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatutako azokara: Hotz-Zarautz, Salvamento Maritimo, Alboan, Goiener, Munduko Begiak, Greenpeace, Kantauri, Zaporeak, Fiare, Duintasuna, Hondurasen aldeko taldea, Ximunen baratze ekologikoa eta Zarautz Herri Zaintzailea, besteak beste.

Eguraldia lagun, herritar ugari gerturatu da postuetara, bai materiala erostera, bai informazioa jasotzera. Horregatik, boluntario gehienak gustura daude herritarrengandik jasotako erantzunarekin.

Postuetara jende gehiago erakartzeko asmoz, gainera, zuzeneko musika egon da. Tormenta en el Jardin musika taldeak dantzan jarri du bat baino gehiago, eskaini dituen bertsio biziei esker.

Horrez gain, jan-edana ere eskaini dute antolatzaileek, doan. Goierri aldetik etorri dira Osoakoak, pintxo osasuntsu eta goxoak eskaintzeko, eta baita Basabe kooperatibakoak ere, garagardo freskoa banatzera.

#zarautzplastikfree izeneko murala ere margotuko dute goizean Iñigo Ormazabal eta Josean Legorburu artista zarauztarrek.