Egoitz Lasa: "Erronka bat izan da niretzat pertsonaiarekin emozioak lantzea"

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 22a, 17:04
(Hendaia film festival)

Urriaren 17tik 20ra ospatu duten Hendaia Film Festival jaialdian aktore onenaren saria jaso du Egoitz Lasa (Zarautz, 1976) aktoreak, ‘Antxoni’ film laburrean egindako lanagatik.

Aktore onenaren saria eman dizute Hendaia Film Festivalen. Sari banaketa ekitaldian zure izena esan zutenean...
Beno, ordu batzuk lehenagotik banekien emango zidatela. Gala 19:30ean zen, eta aurrez bertaratzeko abisatu zidaten niretzako sari bat zegoelako. Egia esan, sari pertsonal bat jasotzea ilusio handiarekin hartzen da, nahiz eta pelikula xumea izan. Horrek ilusio handiagoa egiten dit, baliabide gutxiagorekin egindako proiektu bat izan delako. Are gehiago proiektu txukun bat ateratzen denean eta egindako lana aitortzen denean. Esan beharra dago, halaber, film labur onenaren saria Antxoni lanak berak  irabazi zuela.


Noiz hunkitu zinen gehiago, deitu zizutenean ala oholtzara saria jasotzera igo zinenean?
Momentuan! Deitzen dizutenean ez duzu espero, harrituta geratzen zara. Denbora bat pasatu zen film labur hori egin nuenetik, eta ahaztuta bezala neukan. Antxoni jaialdiz jaialdi ibili da, baina bestelako jaialdi batzuetan, txikiagoetan, ez Donostiakoa bezain ezagunak, eta kasu honetan, oso polita izan zen sariaren berri jakitea. Oholtzara igotzeko deitu nindutenean oso gutxi ulertu nuen, frantsesez egin baitzuten guztia, baina epaimahaiak aho batez erabaki zuela ulertu nuen. Hori entzunda, are gusturago geratu nintzen.


Film honetan ikus al daiteke Egoitz Lasa bere unerik onenean aktore gisa?
Film labur hau komedia bat da, eta pertsonaia erronkatxo bat izan zen niretzat, trantsizioak zituelako egoera batetik bestera. Niretzako pixka bat lan ezberdina izan zen intentsitate aldetik, pertsonaiak hala eskatzen zuelako. Film laburretan ez da denbora gehiegirik egoten trantsizioak egiteko, eta erronka bat izan zen pertsonaiarekin emozioak landu ahal izatea.


Erronkak bere fruitua eman du, beraz.
Bai, halaxe da, eta, alde horretatik, oso gustura nago.


Honek beste leiho bat zabalduko dizu aurrera begira?
Ez dakit, ez dakit! Film laburren mundua apala da. Hemen gehienbat film luzeek agintzen dute. Baina sari bat jasotzeak beti jartzen zaitu erakusleihoan, eta beti dago aukera gehiago. Gero eta jende gehiagok ikusi edo arreta eman, aukera gehiago izan ohi da beste gauza batzuetarako, beste gauza batzuk sortzeko.


Lehen aipatu duzu Antxoni lan xumea dela, baina film labur bat izateko aktore taldea ez da nolanahikoa: zutaz gain, Iñake Irastorza, Asier Hernandez eta Teresa Calo daude, esaterako.
Askotan film laburrak aktoreontzat interesgarriak izaten dira, ez ekonomikoki, hor ez baitago dirurik ateratzeko biderik, baina bai erronka aldetik, pertsonaiak lantzeko eta zure lana bizirik mantentzeko. Kamera aurrean sasoian egoteko bide ematen dizute film laburrek. Proiektua erakargarria zen, eta Ruben Sainz zuzendariak beste bi film labur zituen eginak aurretik; Iñakek eta Asierrek horietan hartu zuten parte. Zuzendariaren helburua da film labur batzuk egitea, ondoren istorio luzeago bat egiteko, eta hau tarteko film labur bat izan zen. Bertan oso aktore talde ederra aritu ginen, eta beti egiten dizu ilusioa jende horrekin lan egiteak.


Istorioan Mikelen azalean barneratzen zara. Nor da Mikel?
Aita bat da, bi ume dituena, eta gurasoekin bizi dena. Bananduta dago, eta bizimodu nahiko gogorra darama. Aukera batzuk sortuko zaizkio, eta horien aurrean  erabaki batzuk hartu beharko ditu. Erabaki gogor batzuk izango dira, baina bizirauteko beharrezkoak.


Jendeak nola ikus ahal dezake Antxoni filma?
Egia esan, ez dakit. Bere zirkuitua egiten ari da jaialdiz jaialdi, baina horretara mugatzen da aukera. Bestela ez dago Kimuak bezalako zirkutuetan sartuta, eta zaila izango da ikusteko.


Une honetan proiektu berririk ba al duzu esku artean?
Printzipioz, ez dut ezer garbirik esku artean kontatzeko modukorik. Gauzatxoak ateratzen direnean egiten ditut eta aurrera; esaterako, Agur Etxebeste! filmean paper txiki bat egin nuen, eta halakoak egin izan ditut. Oro har, lasai antzera nabil.