Udalak berreskuratu egin du Astiko aisialdi guneko erabilera publikoa

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 24a, 10:25

Astiko aisialdi gunea gaur egun; haur parkea eta taberna itxita. (Aritz Mutiozabal)

Txintxilik II enpresarekin zuen kontratua suntsitzea onartu zuten aho batez joan den asteko ezohiko udalbatzarrean. 2015ean esleitu zitzaion lehiaketa bidez.

2020rako ordenantza fiskalei bide emateaz gain, Astiko jolasgunean taberna-jatetxea eta aisialdirako instalazioak egiteko Txintxilik II enpresari egokitutako lan publikoko kontzesio kontratua behin betiko suntsitzea onartu zuten aho batez joan den asteko ezohiko udalbatzarrean. 2015eko apirilaren 17an EH Bildu koalizioak, orduko Udal Gobernuak, Astiko merenderoa bota eta jatetxea eraikitzeko lehiaketa esleitu zuen, aisialdi eremua biziberritzeko planaren barruan. Hautsak harrotu zituen gaiak orduan, eta garaiko oposizioak –EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitza udal taldeek– gogor salatu zuen erabakia, enpresak proposatutako eraikinak pleguetan jasotako neurriak "bikoiztu" egin zituelako.

Proiektua hainbat urtez stand by egoeran egon da, ez atzera ez aurrera, eta orain Txintxilik II enpresarekin adostutako kontratua suntsituta, udalak berreskuratu egin du Astiko aisialdi gunearen erabilera publikoa. Ezohiko bilkuran, kontratua haustearekin batera hainbat erabaki hartu zituen udalak. 

Batetik, ez ditu onartu O.L.A. andereak  2019ko maiatzaren 27an Txintxilik II Zarauzko Udalaren sozietate emakiduna SL-ren izenean aipatu erabakiaren kontra aurkeztutako alegazioak. Bigarrenik, behin betiko suntsitu du Astiko jolasgunean  taberna-jatetxearen eraikin berri bat eta aisialdirako instalazioak egitea helburu duen herrilanaren kontzesioa, baita hori guztia ustiatzea helburu duen Txintxilik II-rekin formalizatutakoa ere, kontratista horren erruz kontratuaren gauzatze epea bete gabe geratu delako. 

Hirugarrenik, kontratua likidatu beharko du, 2016ko maiatzaren 14an jarritako 7.000 euroko kanona Txintxilik II enpresari itzulita. Laugarrenik, Txintxilik II eta Construcciones Astiaran enpresei jarritako diru bermea itzuliko dio; guztira, 32.570,50 euro. Bosgarrenik, erabaki zuten ez dela bidezkoa izango kontratua suntsitzearen ondorioak eta kalteak erreklamatzea. Seigarrenik, behin betiko iraungiko dira Txintxilik II-k Astiko aisialdi gunearen gainean zituen eskubideak, eta Zarauzko Udalari itzuliko zaizkio bertako espazioak eta instalazioak, kargarik eta zergarik gabe. Eta azkenik, aurreko erabakiak Txintxilik II kontratistari eta Txintxilik SL eta Construcciones Astiaran bermatzaileei jakinaraziko zaizkie.


Pauso garrantzitsua


Xabier Txurruka alkateak argi adierazi zuen "pauso garrantzitsu bat" eman zela joan den osteguneko udalbatzarrean. Proiektuarekiko zalantzak izan ditu EAJk hasiera-hasieratik, bai oposizioan zegoenean bai Udal Gobernura iritsitakoan. "Baina zalantza horiek argitze aldera, Gobernutik espedientea aztertu genuen, eta ikusi genuen betebehar asko zituela: Plan Berezia, negoziazioak, ondoren enpresak auzitara jo zuen.... Une guztietan, epaiak Zarauzko Udalaren alde egin du".

Alkateak dio bere borondatea izan dela negoziatzea eta akordioetara iristea proiektua aurrera ateratzeko, nahiz eta "beste aldetik ez dugun izan halako jarrerarik". "Pentsatzen genuen murriztea eraikigarritasuna, eta horretarako Plan Berezi bat idatzi genuen; pentsatzen genuen materialak aldatzeko modukoak zirela; eta pentsatzen genuen ostalaritza zerbitzu bat ematea askoz ere xumeagoa... Akordio batera iristekotan ginela sentitu dugu hainbat unetan, baina  bertan behera erori da behin eta berriro".

Kudeaketa txar baten «ondorio negargarria» dela iritzi zion Podemos Equo-Berdeak udal taldeko bozeramaile Oihane Delgadok: "2015ko udaberrian presaka sinatu zen kontratu bat izan zen, eta, harrezkero, zarauztarrok lau urte baino gehiago daramatzagu Astiko guneaz gozatu ezinik". Era berean, gogora ekarri zuen hauteskundeen atarian itxi zuela garaiko Udal Gobernuak kontratu hura: "Argi eta garbi geratu da zarauztarroi garesti ateratzen zaigula EH Bilduk gobernatzea".


"Ezin genuelako!"


Atal "desatsegin" bati amaiera eman zaiola azpimarratu zuen PSE-EEko ordezkari Gloria Vazquezek. Herritarrek maiz galdetu izan diotela zergatik ezin izan duten Asti lehen bezala erabili: "Ezin genuelako!". Kontratua deuseztatzearen inguruan irmoa izan zen bere jarrera: "Herriko interesen aurkakoa zen, bere kostu altuagatik, hartzen zuen gehiegizko azaleragatik eta nolabait esateko zituen akatsengatik". EH Bilduk "hormigoizko eraikintzar bat" egin nahi zuela zehaztu zuen, eta argudiatu zuen Asti Eraztun Berde-Urdineko puntuetako bat izanda, proiektu interesgarria izan zitekeela. "Ingurumen eta Agenda21eko zinegotzi naizen aldetik, naturgune honekiko eraso bat zela iritzi diot".

EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak, koalizioa Udal Gobernuan izan zenean hartutako erabakia arrazoituz, nabarmendu zuen «oso zaharkituta zegoen aisialdi gune bat eraberritu eta hobetzeko beharra» ikusi zutela, eta «hori aurrera eramateko planteatzen zena guri modu egoki batean izan zela iruditzen zaigu oraindik ere». 25 urtetako emakida bat izan zela, eta orduko egoera ekonomikoa kontuan izanda, proiektua aurrera eramateko "aukera ona" zela esan zuen Muruak: "Zoritxarrez, ordea, gauzak ez dira nahi bezala atera. Beraz, guk ere uste dugu lehenbailehen herritarren eskura jartzeko aukerak aztertu eta erabakiak hartu behar direla".