O-Bi oinetako enpresak zazpi langile kaleratu dituela salatu du ELAk

uztarria.eus 2019ko urr. 24a, 13:20
Kaleratutako langileek eta ELAko ordezkariek agerraldia egin dute kaleratzeak salatzeko. (Maialen Etxaniz)

Enpresak langileen antolatzeko eskubidea urratu duela salatu dute ELAk eta Oskarbi oinetako dendetatik kaleratutako zazpi emakumeek. Haiek azaldu dutenez, "lan baldintza duinagoak lortzeko eta prekarietateari aurre egiteko" hasi ziren antolatzen. ELAk azaldu duenez, enpresako arduradunek ekonomia arazoak jarri dituzte langileak kaleratzeko "arrazoi objektibo" gisa, baina hori "gezurra" dela azpimarratu du sindikatuak, eta salatu du kaleratzeena "enpresak langileen kontra erabili duen errepresalia" izan dela. 

ELA sindikatuak salatu du O-Bi Oinetakoak enpresak Oskarbi dendetako zazpi langile kaleratu dituela, "langileen antolatzeko eskubidea urratuz". Sindikatuak "gogor" salatu nahi izan du enpresaren jarrera, eta azpimarratu du O-Bik "gezurra" erabili duela kaleratzeak justifikatzeko.

Oskarbi izenarekin jaio zen O-Bi enpresa duela 25 urte. Gaur egun, denda bat du Bizkaian, eta 11 Gipuzkoan; horietako bat Zarautzen. ELAk salatu duenez, enpresa handitzen joan den heinean, langileen lan baldintzak "okerrera" egin dute. "Familia enpresa da O-Bi, baina edozein multinazionalek bezala jokatzen du. Nola? Zazpi langile kaleratuz. Ez edozein modutan, gainera: enpresaren nagusia bat-batean dendan agertu zen, saltokiko giltzak eskatu zizkien langileei eta haiei saltokitik atera arte atzetik jarraitu zien, gaizkile batzuk izango balira bezala", adierazi du ELAk. Sindikatuak enpresaren jarrera gaitzetsi du: "Kaleratu dituzten langile batzuk hamabost urtetik gora zeramatzaten Oskarbin lanean. Beraiek izan dira denden arduradun zuzenak, gauzak ondo ateratzeaz arduratu direnak; langileek zaindu dituzte bezeroak. Enpresaren jabearen jarrerak, berriz, argi erakusten du bere langileak ez zaizkiola axola". 

"Antolatzeagatik kaleratuta"

Zazpi emakume langileen kaleratzeak egiteko, enpresak "gezurra" erabili duela adierazi du sindikatuak, eta azpimarratu du kaleratzeena "enpresak langileen kontra erabili duen errepresalia" izan dela. "Langileak beren lan baldintzak duintzeko antolatzen hasi ziren momentuan, Oskarbik zazpi langile kaleratu zituen. Irailaren 29an langileek ELA sindikatuarekin asanblada egin zuten. Bertan, enpresan jasaten duten prekarietateari aurre egiteko lehen urratsak antolatu zituzten. Handik hiru egunera zazpi pertsona kaleratu zituen enpresak", azaldu du ELAk. Hori dela eta, O-Bik "langileen oinarrizko eskubideak urratu" dituela salatu du sindikatuak. Kaleratutako langileek eta ELAk uste dute enpresaren jabeak "mezu argia" utzi diela gainerako langileei: "Hemen antolatzeko pausoa ematen duen edonork badaki zer duen ordainetan: kalera!". 

Kaleratzeak salatzeko eta enpresaren jarrera gaitzesteko, bide juridikoa hartu, lan ikuskaritzara jo eta hainbat salaketa sartu ditu ELAk. Bide horri heldu badiote ere, bezeroei mezu bat eman nahi diete: "O-Bi Oinetakoak enpresan erosketak egiten dituenak jakin dezala horren atzean zer motatako nagusia dagoen: enpresa handitzean prekarietatea handitzeaz arduratzen dena. Langileak prekarietateari aurre egiteko antolatu direnean, nagusiak gogor eutsi die belarrietatik, mugitzen badira zer duten argi uzteko". Ozen diote: "Gaur Oskarbi izena langileen eskubideen urraketarekin lotuta dago".