Makalak Finlandian aurkeztuko du gaur bere proiektu berria

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 26a, 08:30
Mikel Makala, Agus Barandiaran eta Izaskun Oraa eta Alaitz Oraa dantzariak .(Topa-K)

Topa-K izena du, eta Korrontziko Agus Barandiaran trikitilariarekin nahiz Izaskun Oraa eta Alaitz Oraa dantzariekin osatu du taldea.

Womex munduko musika-profesionalen topaketa garrantzitsuena egiten ari dira egunotan Finlandiako Tampere hirian. Munduko musiken eta folkaren azoka da, eta bertan present dago Euskal Herriko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuaren sustapenez, antolatzen duen Basque Music egitasmoa. Gainera,  Agus Barandiaranek (Korrontzi) eta Mikel Unzurrunzagak (DJ Makala) Topa-K proiektu berria aurkeztuko dute zuzenean.

Taldearen helburua da euskal musika tradizionalaren eta musika elektronikoaren arteko fusioa egitea, eta proiektuak bi musikariak –trikitixa eta samplerrak erabiliz, hurrenez hurren– eta Izaskun Oraa eta Alaitz Oraa dantzari eta perkusio jotzaile ahizpak barnebiltzen ditu. Topa-K laukoteak eskainiko duen kontzertua gaur (urriaren 26an, larunbatean) izango da, 00:00etan offWomex saileko egitarauaren barruan, Tullikamari aretoan.