Santomasetan talo postua jartzeko deialdia egin du AEK-k

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 12a, 10:03
Talo postua jartzeko deialdia egin du AEK-k. (Aritz Mutiozabal)

Interesa duten elkarteek azaroaren 28a baino lehen jarri behar dute harremanetan Zarauzko Aek-rekin. AbEnduaK Santo Tomas azoka abenduaren 14an egingo dute aurten.

Zarauzko AEK-k jakitera eman du abenduaren 14an egingo dutela AbEnduaK Santo Tomas azoka. Horrekin batera, mintzodromoa, txistor lehiaketa eta beste hainbat ekitaldi egiteko asmoa du, baita talo postua jartzekoa ere. Azken horretarako, azken urteetan bezala, deialdia egin dute. Beraz, talo postua ipintzeko interesa duen talderik bada, AEK-rekin jarri behar du harremanetan azaroaren 28a baino lehen; 943-13 01 75 telefono zenbakira deitu edo zarautz@aek.eus helbidera idatzi daiteke. Deialdian parte hartzeko ezinbestekoa da euskaraz aritzen den eta euskararekiko atxikimendua duen elkartea izatea.

Horrekin batera, Zarauzko AEKren materiala uzteko prest dagoela adierazi du. "Bien bitartean, AbEnduaK Santo Tomas eguna antolatzeko prestaketa lanekin jarraituko dugu. Ohi bezala, herritarren bilgune izan nahi duen goiza antolatzen ari gara, baina ez dizuegu gehiegi aurreratu nahi!", azaldu dute AEK-ko kideek. Mintzodromoa egingo dutela zehaztu dute, baina gainerako ekitaldien berri, berriz, aurrerago emango dutela. Horrez gain, urtero bezala, otar erakargarriak zozkauko dituzte, eta txistor lehiaketa ere izango da.