Garaipen "epikoa" lortu du Ulaciak bi luzapeneko partidan

Zast Saskibaloia 2019ko aza. 13a, 08:30

Oso gutxitan ikusten dira pasa den igandean Aritzbatalde kiroldegian ikusi ahal izan zenaren moduko saskibaloi partidak. Zarauzko Ulacia taldeak Santurtzi SKren aurka jokatu zuen partida erabateko thriller-a izan zen hasieratik amaiera luzera arte; izan ere, bi luzapenen ondoren erabaki zen irabazlea, etxeko taldearen aldeko 84-81 markagailuarekin.

Bingen Ezeiza pibotaren bajak ahuldu egin zuen, hasieratik, Zarauzko taldearen barruko jokoa, eta hutsune hori betetzeko, Beñat Jauregi jokalaria erreskatatu zuten bigarren taldetik, bederatzi jokalariko taldea osatu ahal izateko.

Premian zetorren kanpoko taldea, sei jardunalditan partidurik irabazi gabe, baina jakina da EBA ligako taldeen arteko berdintasun handia, eta oso sufritua izan zen Ulaciaren garaipena. Zarauzko taldea zentratuta hasi zen partidan eta sei-zortzi puntuko errenta lortu zuen lehen laurdenaren erdialdera, baina errebotean zituen zailtasunek partidu osoan gertatzekoa zena iragarri zuten: alde txikiak izango zirela, eta urduritasunak kudeatzea izango zela gakoetako bat. Bi puntuko aldeaz irabazten amaitu zuen Ulaciak lehen laurdena, eta bigarren laurdenaren amaieran, azken segundoko saskiratze batek puntu bateko errenta eman zion partidu erdiko atsedenaldian Santurtziko taldeari.

Ulaciak errebotean izan zuen zailtasunaren erakusgarri izan zen Santurtziko taldeak, partidu osoan, Zarauzkoak baino 11 errebote gehiago eskuratu zituela. Hain justu, Ulacia taldean, Julen Egaña hegalekoak 11 errebote jaso zituen, eta hura izan zen taldeko errebote-hartzaile onena. Sasoi bikainean dugu Julen denboraldi hasiera honetan, eta errebotean egin zuen lan handi horrez gain, nabarmentzekoa da santurtziarren erasoko jokalari onenari, Sergio Iglesiasi egin zion defentsa estua.

Partidaren bigarren zatian Santurtziko taldea baloia saskipera eramaten saiatu zen, eta horrek onura handiak ekarri zizkion santurtziarren Pablo Artiñano jokalariari, 25 puntu saskiratu eta 20 errebote jaso baitzituen; guztira, 35 puntuko balorazioa osatu zuen.

Etxeko taldean, berriz, berriro da azpimarratzekoa hirugarren partiduan jarraian lortu zutela jokalari guztiek puntuak sartzea, nahiz eta Estanis Andres izan zen, igandean, Ulaciaren saskiratzaile nagusia, 18 puntu sartu ondoren.

Partidaren 40 minutu arauzkoak agortzear zirela, neurketa Zarautzen geratuko zela zirudien, baina Santurtziko taldeak azken segundoan saskipean egin zuen zaflada batek lehenengo luzapenera eraman zuen partida. Eta ez zen luzapen bakarra izan, bigarren bat ere izan baitzuen partidak, lehen luzapena 8-8 emaitzarekin amaitu ondoren.

Ulaciak asmatu zuen lehen 40 minutuen amaieran irabazita zirudien partidua luzatu beharraren kolpetxoari buelta ematean, eta jakin izan zuen Santurtzik sailkapenean duen postuak  dakarren urduritasunaz baliatzen. Ulaciak baja asko ditu sasoi-hasiera honetan, eta ez zuen batere lan erraza, baina kantxaren bi aldeetan egiten duen talde-lanak eta erakusten duen elkartasunak horrelako arratsalde magikoak ekartzen ditu igande arratsaldeetan Zarautzera.
 
Zailtasunak zailtasun, garaipen honek sailkapenaren erdialdean kokatzen du Ulacia, lau partidu irabazita eta bi galduta.