2019ko kirolari onenak aukeratzeko prozesua jarri dute abian

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 13a, 12:27
Iazko Kirol Sarien ekitaldia. (Hitza)

Azaroaren 29a bitartean aurkeztu ditzakete herritarrek beraien proposamenak. Sarituen izenak abenduaren 16ko astean emango dituzte jakitera.

Urtarrilaren 16an banatuko ditu Zarauzko Udalak 2019ko Kirol Sariak. Ekitaldia Modelo aretoan, egingo dute, 19:00etan hasita, eta urte honetan kirol arloan nabarmendu diren herritarrak sarituko dituzte bertan. Une honetan, ordea, hautaketa fasean dago, eta udalak parte hartze prozesua zabaldu du, saria jasotzea merezi duten hautagaiak proposatzeko.

Proposamenak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edota Aritzbatalde kiroldegiko harreran aurkeztu daitezke idatziz, edo kirola@zarautz.eus posta elektronikora helarazi. Hautagaiak aurkezteko azken eguna azaroaren 29a izango da.

Sarituen izenak abenduaren 16ko astean jakinaraziko dituztela jakitera eman dute udaletik. Urtero bezala, emakumezko eta gizonezko kirolari onenak aitortuko dituzte, emakumezko eta gizonezko talderik onenak, kirol babesleak, entrenatzaile onena eta Kirola Bizi saria, boluntarioen lana txalotzen duena.