'Emakumea, itsutasuna, pobrezia' hitzaldia izango da bihar

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 18a, 09:39

'Munduko begiak' elkarteak antolatuta, Saharako emakumeen "begi-osasunerako eskubidea" landuko dute biharko hitzaldian.

Maria Tavera adituak hitzaldia emango du bihar, Saharako emakumeen begi-osasunerako eskubideari buruz. Munduko Begiak elkarteak antolatu du hitzaldia, eta besteak beste, azalduko du basamortuan bizitzeak zer nolako eragina izan dezakeen sahararren begi-osasunean. Tavera Ojos del Sahara elkarteko koordinatzailea da 2011tik, eta ordutik, sahararrei laguntza eta arreta oftalmologikoa eman izan die.

Josune Fernandez optikari eta optometrista ere hitzaldian izango da, gaiaren inguruko ikuspegi zabalagoa eman ahal izateko.

Hitzaldia bihar izango da, 19:30ean, Antoniano aretoan.

Munduko Begiak elkartearen xede nagusia lurralderik ahulenetan saihestu daitekeen itsutasunari aurre egitea da, eta horretarako hainbat proiektu ditu martxan. Elkartearen inguruko informazio osoa, haien webgunean dago eskuragarri.