Indarkeria matxistaren aurrean komunikabideek duten jarrera landuko dute asteazkenean

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 18a, 10:07

Azaroaren 25era begira jarri da udaleko Parekidetasun Saila. Udal Elkartean goiz osoko jardunaldiak izango dira aurtengoan, eta datorren astelehenean, ikastetxe guztietako ikasleak kalera aterako dira, tratu onen aldeko aldarria egitera.

Aurten ere hainbat ekimen antolatu ditu udaleko Parekidetasun Sailak azaroaren 25erako, indarkeria matxistaren kontrako egunerako. Azaroaren 20an, asteazkenean, egun osoko jardunaldia izango da Urola Kostako Udal Elkartean horren harira. Aurtengoan,  indarkeria matxistaren trataera mediatikoa landuko dute, eta horretarako hainbat adituk hartuko dute hitza. Samara Velte kazetari zarauztarrak 09:30etan izango du hitzartzea; 10:30ean Estibalitz Linares psikologoak landuko du gaia; atsedenaren ostean, 12:00etan, Jose Maria Fernandez Calleja kazetaria ariko da eta, azkenik, 13:00etan, Virginia Imaz clownak emango hitzaldia. Jardunaldietarako plazak mugatuak direnez, aurrez eman behar da izena www.berdintasunazarautz.wordpress.com  webgunean, berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 17 telefono zenbakira deituta.

Azaroaren 25ean bertan, datorren astelehenean, Bakean dagoena bakean utzi antzezlana izango da Modelon. Gaia umoretik landuko dute oholtzaratuko direnek, izan ere, Vazquez zinegotziak uste du "kontu serioa den arren, mezu positiboa helaraztea garrantzitsua" dela. Horrez gain, datorren astelehenean, herriko ikastetxe guztietako hainbat ikasle Lege Zaharren enparantzan bilduko dira eta manifestua irakurri eta bertsoak abestuko dituzte. Horrez gain, ikastetxeetan eta udaletxean Tratu onak, guztionak dioten pankartak zintzilikatuko dituzte.

Datuak eta zenbakiak

Espainian, 2003tik gaur arte 1.026 emakume hil dituzte indarkeria matxista kasuetan, horietatik 46, Euskal Autonomia Erkidegoan. Vazquezen arabera, erasotzaileak, gehienetan, bikotekideak edo bikokotekide ohiak dira. Zarautzen kasuan, 2018an, 23 kasuren berri jaso zuten eta, haien arteko lau eraso sexualak izan ziren. "Horiek dira ezagutzen ditugunak, baina errealitatea gogorragoa da", adierazi du Vazquezek. "Emakume gehienak oraindik ez dira ausartzen laguntza eskatzera, edo ez dakite nola eskatu. Garrantzitsua da laguntza hori topatzea, Gizarte Zerbitzuetara, Anbulategira edo Ertzaintzara jota".

Erastop eta Emakumeen Etxea

Duela hilabete batzuk jarri zuten Zarautzen ere eskuragarri Erastop aplikazioa, sexu erasoak prebenitzeko asmoarekin. Parekidetasun zinegotziaren arabera, 333 pertsonak deskargatu dute aplikazioa orain arte, eta momentuz, ez da egon deirik. "Poztekoa da, eta deirik balego, uste dut baliagarria izango dela aplikazioa erasoa prebenitzeko".

Horrez gain, prentsaren aurreko agerraldian azaldu du Vazquez zinegotziak abenduaren erdi alderako Emakumeen Etxeko obra amaituta egotea aurreikusten dutela. "Obra amaitu eta berehala jarriko dugu martxan, beraz, posible da Gabonetarako zabalik egotea", adierazi du. Duke Enea plazan, lehen Turismo Bulegoa zegoen egoitzan zabalduko dute Emakumeen Etxea.