Emakumeen* Etxearen logotipoa aukeratzeko lehiaketa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 21a, 08:00

Irabazleak 800 euroko saria jasoko du, eta logotipoa eraikinaren kanpoaldea apaintzeko ez ezik, hainbat euskarritarako erabiliko du udalak

Emakumeen* Etxeak izango duen logotipoa aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan udalak. Herritarrek abenduaren 5a bitartean aurkeztu ditzakete beraien proposamenak, banaka nahiz taldeka, betiere 18 urtetik gora izanez gero. Lanak formatu digitalean bidali behar dira berdintasuna@zarautz.eus helbidera.

Epaimahaia abenduaren 13an bilduko da lan irabazlea aukeratzeko, eta garaileak 800 euroko saria jasoko du. Aukeratutako logotipoa Emakumeen* Etxea kokatuko den eraikinaren kanpoaldean jartzeaz gain (Nafarroa kalea 3, lehengo Turismo Bulegoaren egoitzan), hainbat euskarritan ere erabiliko dute: sustapen-materialetan, iragarki-karteletan, foiletoetan, argitalpenetan, produktuetan eta merchandising-etan, papertegiko materialetan eta abar.

Proposamenak aurkeztu dituzten egile guztiei lehiaketaren ebazpena jakinaraziko zaie posta elektroniko bidez, eta Berdintasun sailaren blogean eta sare sozialetan ere argitaratuko da abenduaren 17a baino lehen. Lehiaketaren oinarriak Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamenduaren blogean kontsultatu daitezke.

Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek adierazi duenez, “Emakumeen* Etxeak daraman izartxoa hizkuntza inklusiboaren sinboloa da. Horrekin adierazi nahi dugu era guztietako emakumeak eta identitate, adin, kultura, ideologia… desberdinetako pertsonak hartzen dituela etxeak”.