Bertso sorta: Haurren hondartzako futbol txapelketa

Inaxio Uria 'Isasti' 2019ko aza. 22a, 11:49

Inaxio Uria 'Isasti'k hondartzako haurren futbolaren inguruko bertsoak ondu ditu. Hemen daude irakurgai.

Doinua: Iparragirre abila dela

1)
Zarautz herriko hondartzak badu
bitxikeri bat gordeta
bertan urtero jokatzen denez
haurren futbol txapelketa
Noiz dugu itsas behera?
Orduan da aukera
Abian antolaketa
Egun horretan hondar gehiena
kirolariez beteta

2)

Hogeitalau kanpo izanikan
ta bakoitzean bi txanda
laurogei eta hamasei talde
argi ta garbi esanda
Neska ta mutil pila
agian ia mila
izugarria ez al da?
Hoieri gehituz han inguruan
dabilen guraso banda

3)

Antolakuntzan lan batzuk dira
haurren eskuetan daudenak
Biltegitikan futbol gunera
ate garraiatzearenak
Langa ta bi zutabe
sarea ahaztu gabe!
Parte hartzen dute denak
Lehen txandakoek ipini eta
jaso berriz bigarrenak

4)

Hotza,haizea edo euria
datorrena datorrela
Hutsegin gabe jarduten dira
Zinez jarrera itzela
Ondoren lehian dale
Bat jo eta bi kale
Kirola ohi da horrela
Ikuskizuna zoragarria
Denoi bejondeizuela!