Ulaciak garaipen handia lortu du etxean ligako 9. jardunaldian

Zast Saskibaloia 2019ko aza. 25a, 08:29

Garaipen handia eta, neurri handi batean, ezustekoa lortu du Zarautz Kirol Elkarteko Zast Ulacia taldeak igande honetan, EBA saskibaloi ligaren bederatzigarren jardunaldian, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, Egues ibar nafarreko taldearen aurka. Emaitza 71-65 izan da, eta partidu osoan izan da Ulacia nagusi markagailuan, Eneko Juarros jokalariak lehen bi puntuak saskiratu ondotik.

Ezusteko garaipena izan da Ulaciak pibot klasikorik gabe jokatu duelako partida. Bingen Ezeizaren lesio ezagunari gehitu zaio aurreko astean Imanol Artetxek izandako lesioa, eta barruko jokoa hegalekoen eta hegal-piboten gain utzi du zorigaiztoko egoera horrek. Zarauzko taldea ezinbestean gailendu behar izan zaio, beraz, aurkariarekiko gutxiagotasun fisiko nabarmen bati.

Jokin Collantes eta Andoni Lazkano bikoak zuzendutako taldeak beldurrik gabe ekin dio Egues ibar nafarretik etorritako taldeari. Talde nafarra baloia esparruan sartzen saiatu da hasiera-hasieratik, eta horretan tematu da, baina Ulaciak oso ondo erabili ditu defentsako laguntzak bere esparrua ixteko, eta kanpotik jaurti beharrean ikusi du bere burua talde nafarrak. Ez zaizkio kanpoko jaurtiketa horiek sartu, eta etxeko taldeak aldea ireki du markagailuan, bere defentsa paregabean oinarrituta, ez baita alferrik hirugarren defentsarik onena EBA ligako AA multzoan.

Partida osoan eutsi dio Ulaciak hamar puntu inguruko aldeari, eta Aitzol Eguzkitza izan da, zenbakiei erreparatuta, jokalari nabarmenena. Aldea erosoa, hamar puntu ingurukoa, izan da ia partida osoan, baina ez da horrela izan azken laurdenean. Aldaketak egiteko jokalari gutxi izanda, nekeak eta gutxiegitasun fisikoak erasan egin dio etxeko taldeari, eta arazoak izan ditu partidua ixteko. Azken minutu horietan, erabakigarriak izan dira, beste behin, jaurtiketa libreak, horiei eutsi baitie Ulaciak beste garaipen bat, garaipen handi bat lortzeko.


Zortzi partidu jokatu ondoren, bosgarren garaipena izan du igandekoa, eta EBA ligako AA multzoko zortzigarren postura igo da, bost garaipen eta hiru porrot pilatuta. Nekez eska dakiokegu gehiago aurten Ulaciari, ikuskizun paregabeak eskaintzen jarraitzen baitu oztopo eta  zailtasun guztien gainetik, zale eta jarraitzaile guztien gozamenerako.