2020-2024 Zarata Ekintza Plana aurkeztu dute

Zarauzko hitza 2019ko aza. 27a, 16:51

Zarata Ekintza Planean 42 ekintza bildu dituzte. 

Astearte iluntzean, 2020-2014 Zarata Ekintza Plana aurkeztu zuen Zarauzko Udalak, 2018an egindako Zarata Mapan oinarrituta. Ingurumen batzordeburu Gloria Vazquezek azaldu zuenez, ekintza plana egiteko hainbat bilera egin ditu udalak herritarrekin eta eragileekin, euren proposamenak jaso eta ahal den heinean arazoari irtenbidea emateko. Horrez gain, udaleko sail desberdinekin ere bildu da Ingurumen saila gaia jorratzeko, "uste dugulako, zeharkako gaia dela, eta denok dugula zeresana arlo horretan".

Astelehenean emango diote lehen onarpena txostenari, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, 30 laguneko epea zabalduko dute alegazioak egiteko. Alegazioak aztertu ondoren, dokumentu definitiboa onartuko dute.

42 neurri
Zarata Ekintza Planean 42 ekintza bildu dituzte, eta aurkezpenean horietako batzuk aipatu zituen Ingurumen teknikari Begoña Rodriguezek. Neurri bakoitzak zehaztuta du, hori aplikatzeko epea. Epe laburrean egin beharrekoak, 2020an egitea aurreikusi dute; epe ertainekoak, 2021ean eta 2022an, eta epe luzekoak 2024an. 

- Zarauzko Udalaren hurrengo Mugikortasun Planean, zarata aintzat hartuko dute.

- Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuko dio AP-8an panel akustikoak lehenbailehen jar ditzala, autobidea foru aldundiaren eskumena delako.

- Itxasmendi eta Aritzbatalde auzoetan, AP-8aren eragin akustikoa murrizteko lurrezko dike bat jartzeak izango lukeen eragina aztertuko du enpresa espezializatu batek. (Epe laburrean). 3.000 euroko partida izango du neurriak.

- Orokieta Herri Eskolaren barruan zarata maila neurtuko du, enpresa espezializatu batek. (Epe laburrean). 12.000 euroko partida izango du neurriak.

- Azterlan bat egingo dute, kale-garbiketa kontratu berrian, besteak beste, zarata murrizteko neurriak diseinatzeko. Ordutegiak, makineria mota edota ibilbideak hartuko dituzte kontutan. Gainera, eskatuko dute, kale garbiketa 07:00ak baino lehen ez hastea, arrazoi bereziak ez dauden bitartean. (Epe laburrean)

- Terrazen egoera aztertzea, eta bide publikoan terrazak eta mahaiak jartzeko udal ordenantza berrikusiko dute. Prozesu horretan, gune zaratatsuetan ordutegia 23:00ak arte baimentzea, tabernan kanpoko aldean jartzen dituzten telebistak debekatzea edo lokaletatik kanpo edarien kontsumoa mugatzea aztertuko dute, besteak beste. (Epe ertainean)

- Barren Plazako gune publikoa beste era batera antolatzeko aukera aztertuko dute; hala nola, lorategiak, bankuak edo iturriak jarri, eta kupelak eta mahaiak murriztea.

- Aztertuko dute, ea eraginkorra den Loja Zaharreko fatxadetan zarata xurgatzaileak jartzea.

- Zarata arazoak dituzten guneetan, fatxaden isolamendu akustikoa hobetzeko dirulaguntza berriak ematea aztertuko dute. (Epe ertainean). 100.000 euroko partida aurreikusi dute horretarako. 

Herritarrak haserre
Zarata Ekintza Planaren aurkezpenean izan ziren zarata arazo larriak bizi dituzten hainbat herritar, eta beren iritzia eman zuten, teknikariek hitz egin ondoren.

Alde batetik, Lege Zaharren Enparantzan bizi den zarauztar batek azaldu zuen, "oso garrantzitsua" dela herritarrak sentsibilizatzea. "Goizeko 03:00etan sekulako zalaparta zegoelako leihotik atentzioa deitu behar izan nion kuadrilla bati. Ez ziren gaztetxoak, 50 urte inguru izango zituzten. Lo egin nahi genuela esan nienean, beraiek plazan lasai egoteko eskubidea zutela erantzun zidaten, oso modu txarrean". Horren harira, udaleko teknikariek azaldu zuten, herri mailan zarataren inguruko sentsibilizazio kanpaina egiteko asmoa dagoela, eta beste herri eta hirietan abiatu dituzten proiektuak aztertzen ari direla horretarako.

Barren Plazako bizilagunak ere izan ziren aurkezpenean, eta "egoerak gainditu" egin diela azaldu zuten. "Urteak daramatzagu kexatzen, eta ez da ezer egin arazoa konpontzeko. Barren Plazako zarata maila jasanezina da bizilagunontzat". Udaleko ordezkariek arazoa onartu zuten, baina azaldu zuten, gaur egun zarata neurtzeko erabiltzen diren irizpideen arabera, adierazleek ez dituztela zarata maila altuak markatzen Barren Plazan. "Gaur egun, zarata neurtzeko urteko 365 egunetako 24 orduak kontutan hartzen dira. Barren Plazan, egun eta ordu jakin batzuetan daude zarata arazoak, eta arazoa udan neguan baino larriagoa da. Beraz, urteko bataz bestekoa egiten denean, ez da zarata maila altua ateratzen". Hori dela-eta, Zarauzko Udalak zarata mapak urte sasoiak kontutan hartuta egin nahi ditu.  

Bestalde, Nafarroa kaleko bizilagun bat ere haserre agertu zen. "Zarata, istripuak eta auto ilarak Nafarroa kaleko egunerokoa dira. Ez da errepidea, ezta kalea ere, desastre bat da. Ezin dugu lorik egin, ezta leihorik ireki ere". Kasu horretan, Hirigintza teknikariak dierazi zuen, Gipuzkoako Foru Aldundian Nafarroa kaleko arazoa azaldu zutela, "baina, diote, ez dutela beren akzio planean sartuko, Nafarroa kaleko zirkulazioa ez delako neurriak hartzeko adinakoa".

Orokieta Eskolako kideek ere hartu zuten hitza. "Jakin nahiko genuke Gipuzkoako Foru Aldundiaren zarata akzio planean sartuta dagoen Orokieta Eskolak duen zarata arazoari irtenbidea ematea". Udaleko teknikariek azaldu zuten, udalak alegazioa sartu zuela foru aldundian, Orokieta eskola ingurua lehentasunezko eremu izendatzeko. "Beraiek AP-8a bi zatitan bereizten dute, eta lehentasuna ematen diote mendebaldeko eremuari. Guk eskatu genien Orokieta ere lehentasunezko eremuan sartzeko, baina erantzun ziguten mendebaldeko eremuan ekialdean baino askoz jende gehiago bizi dela, haurrak ez baitira eskolan erroldatuta egoten".

Bukatzeko, herritar batek proposatu zuen, politikariak eta teknikariak zarata arloan formatzea. "Zaratak eragina du herritarren osasunean, eta hori kontutan hartu beharko litzateke, edozein  erabaki hartzerakoan. Akzio merkea eta eraginkorra izango litzateke".