Irudietan: Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Zarautzen

Zarauzko hitza 2019ko aza. 27a, 20:17

Euskaraldiaren bigarren edizioak 15 egun iraungo ditu, azaroaren 20etik abenduaren 4ra bitartean egingo da.

2020ko udazkenean egingo dute Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta gaur aurkeztu dute Zarautzen, Antoniano aretoan. Ekitaldiak bi zati izan ditu. Alde batetik, Soziolinguistika Klausterreko kide Uxoa Anduagak lehen edizioaren balorazioa egin du, eta ondoren, Zarauzko Euskaraldiko dinamizatzaile Alazne Aizpuruak bigarren edizioak dakartza berrikuntzak azaldu ditu.

Anduagaren esanetan, Urola Kostan Euskal Herriko joera bera errepikatu du Euskaraldiak. "Ikusten da 11 egunetan eragin positiboa izan duela, eta herritarrak euskara gehiago erabilzera animatu ditu. Hiru hilabete pasatakoan beste neurketa bat egin genuen, eta antzeman genuen erabilerak zertxobait behera egin zuela, baina egonkortu ere egin zela. Hau da, Euskaraldian euskaraz hitz egiteko hautua egin zuten askok eutsi diote ohiturari, ekimena hasi aurretik baino gehiago hitz egiten dute orain euskaraz".

Elkarte eta entitateen parte hartzea
Euskaraldiaren lehen edizioak izan zuen arrakasta ikusita, bigarren aldiz antolatuko dute 2020ko udazkenerako. Oraingoan 15 egun iraungo ditu, azaroaren 20etik abenduaren 4ra bitartean egingo da. "Ahobizi eta Belarriprest rolak mantendu egingo ditugu, baina berrikuntza nagusia ariguneen sorrera izango da, euskaraz lasai aritzeko guneak izango baititugu. Beraz, norbanakoek ez ezik, taldeek ere parte hartuko dute bigarren Euskaraldian".

Dagoeneko hasi dira bigarren ediziorako lanketa egiten. Lehenik eta nehin talde, elkarte edo erakundeek ariguneak identifikatuko dituzte, eta horietako kideek rol bat hartuko dute. Orain abian dago entitateen izena-ematea, eta datorren urtean irekiko dute norbanakoen izena emateko epea. "Zarautzen martxan dago Euskaraldiko batzordea eta gogotsu ari gara lanean. Zarauztarrak Euskaraldian parte hartzera animatu nahi ditugu, Euskaraldiak herritarren parte hartzerik gabe ez baitu zentzurik", azaldu du Aizpuruak.