Abenduaren 20an izango da aurtengo Kopla Txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 28a, 08:44

Sarrerak datorren ostegunean jarriko dituzte salgai, eta pertsonako gehienez bost sarrera erosi ahalko dira.

Ate joka da Putzuzulon ehunka bertsozale biltzen dituen hitzordua. Hamahirugarren aldiz antolatu dute Kopla Txapelketa, eta aurten, abenduaren 20an, ostiralean, izango da. Ohi bezala, musikariek eta bertsolariek hartuko dute Putzuzuloko oholtza; dagoeneko jakinarazi dute zeintzuk izango diren protagonistak. Bertsotan ariko direnak Julen Zulaika, Asier Galarza, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Maddiane Txoperena, Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Sarai Robles, Ane Peñagarikano eta Gorka Maiz izango dira.

Musikariak, berriz, Aitor Amilibia, Aratz Olaizola, Jurdana Otsoa eta Imanol Etxeberria izango dira, eta saioa Beñat Intxauspe eta Usua Martinezek gidatuko dute. 22:00etan hasiko da txapelketa, baina ateak 21:15erako irekita edukiko dituzte.

Sarrerak datorren ostegunean, abenduaren 5ean, jarriko dituzte salgai Musika Plazan, 18:30ean. 6 euro balioko du sarrera bakoitzak, eta pertsonako gehienez 5 sarrera erosi ahalko dira. Soberan geratzen direnak Durangoko Azokan jarriko dituzte salgai, Bertsozale Elkartearen postuan.