Autobusak antolatu dituzte pentsiodunek Gasteizko elkarretaratzera joateko

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 28a, 09:34
Astelehen honetako pentsionisten manifestazioa. (Aritz Mutiozabal)

Mobilizazioa abenduaren 12an izango da, eta bertaratzeko asmoa dutenek izena emateko aukera izango dute datorren astelehenean, ohiko manifestazioaren ondoren.

Pentsiodunen elkarretaratzea dago deituta abenduaren 12rako Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Bertan, beraien eskaerak aldarrikatuko dituzte; besteak beste, 1080 euroko gutxieneko pentsioa izatea, eros ahalmena berreskuratzea, genero arrakala amaitzea, osasun zerbitzu publiko eta doakoa ziurtatuko dituen sare unibertsala.

Zarautzen bertaratzeko autobusak antolatu dituzte, eta nahi duenak izena eman dezakete hurrengo astelehenean, abenduaren 2an, ohiko manifestazioaren ondoren, Oneka kafetegiaren ondoan. Autobusen ordutegiaz astelehenean bertan informatuko dute, baina bazkaltzerako herrira bueltatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.