Bost buru eta harri bat Orekan

Amagoia Gurrutxaga Uranga - Berria 2019ko aza. 29a, 09:01
Oreka TX taldeak disko berria aurkeztu du Tabakaleran. (Argazkia: Txalapart ekoizpenak)

Harrizko txalaparta da Oreka TX-ren 'Koklea' diskoaren ardatza. Bost hizkuntza entzun daitezke bertan. Laugarren lana du boskoteak

Data bat: 1997a. Urte hartan sortu zuten Oreka TX txalaparta taldea Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak. Kopuru bat: lau. 22 urteko ibilbidean taldeak argitaratu dituen diskoak. Laugarrena, Koklea, atzo aurkeztu zuten, Donostiako Taba kafetegian. «Ez gara urtero edo bi urtean behin diskoa egiten duten horietakoak. Disko baten eta hurrenaren artean beste hainbat eta hainbat lan egin ditugu», esan zuen Martinez de San Vicentek. Eta baten eta hurrenaren artean badirela aldeak: «Hasierako Quercus endorphina hartan, Kepa Junkera izan zen produktorea, eta pixka bat haren esanetara aritu ginen. Nomadak TX gure bidaiaren konposizioak izan ziren, tokian-tokian topatzen genuenarekin. Silex-ek eta honek antz handiagoa dute, seguruenik». Silex-en alde harmoniko eta melodikoa aurki daiteke Koklea-n, nabarmendu zuenez. Nomadak TX diskotik ere badu zerbait inportantea, baina: «Proiektu hartatik jasotako beste herri batzuetako gure lagunen parte hartzea».

Hala, disko berrian parte hartu duten abeslarien artean daude, Thierry Biskari euskaldunaren ondoan, Mendebaldeko Saharako Aziza Brahim, Galiziako Monica de Nut, Okzitaniako San Salvador taldea eta Japoniako Emi Toko. Bakoitzak bere hizkuntzan kantatu du, «hizkuntzon sonoritatea diskoan jaso nahi bat» izan dutelako taldea osatzen duten bost kideek. Denak agertu ziren atzo Martinez de San Vicenterekin batera: Mikel Ugarte (txalaparta), Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea eta gitarra), Iñigo Egia (perkusioa) eta Juanjo Otxandorena (buzukia eta mandolina).

Albistea irakurtzen jarraitzeko: Berria.eus