Irudietan: Rosa Carrok irabazi du Toldotxo pintxo lehiaketa

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 30a, 14:41

Laura Antonek eta Jorge Daniel Zuñigak osatu dute podiuma. Dozenaka herritar hurbildu dira lehiaketa ikustera.

12 sukaldarik prestatu dute Toldotxo pintxoa gaur Merkatu plazan egin duten lehiaketa herrikoian. Azaroko ostegunetan pintxoa prestatzen ikasteko tailerrak eskaini ditu Zurekin Ostalarien Elkarteak, eta ikasle horietako hainbatek eman dute izena lehiaketan. 

Rosa Carrok prestatu du gaurkoan Toldotxo pintxorik onena. Laura Anton izan da bigarren eta Jorge Daniel Zuñigari eman diote hirugarren saria. Lehiakideek pintxoaren osagaiak etxetik prestatuta eraman dituzte, eta lehiaketan, 15 minutu izan ditu bakoitzak legatza frijitzeko eta pintxoa muntatzeko.

Hainbat herritar bertaratu dira lehiakideak animatzera, eta Zurekineko kideak aritu dira sukaldariak bideratzen. Epaile lanetan, berriz, Iñigo Manterola eskulturgilea, Eli Salegi Zurekin Ostalarien Elkarteko kidea eta Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia aritu dira.