Turismo Plastic Free proiektua abian da herriko ostatuetan

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 3a, 08:00
Jose Ignacio Asensio, Gloria Vazquez, Ixidor Larraga eta BegoƱa Cabaleiro, aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Erabilera bakarreko plastikoak gutxitzea du helburu, eta dagoeneko herriko 26 establezimenduk eman diote baiezkoa proiektuari.

Zarauzko ostatuak –hotel, pentsio, landa etxe, kanpin eta apartamentuak– erabilera bakarreko plastikoak murrizteko prozesuan murgilduta daude. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentutik abian jarri dute Turismo Plastic Free proiektua, eta Emaus ari da garatzen, Zarauzko Agenda 21 Sailarekin eta Turismo Bulegoarekin koordinatuta. Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek adierazi du "harrera oso ona" izan duela proiektuak herriko ostatuetan, eta "eskerrak eman nahi dizkiegu beraien prestutasunagatik". Oraingoz, proiektuan parte hartzea onartu duten ostatuetan egiten den plastikoaren erabilera zenbatu eta jaso egin dute.

Emaus taldeko arduradun Begoña Cabaleirok dio "oso detektatuta" daudela erabilera bakarreko plastiko horiek; esaterako, ostatuetan egunero aldatzen dituzten gel eta xanpuenak. Horiek murrizte aldera, Zarautz herri egokia dela azaldu du, "ez baitago beste batzuk bezain masifikatua". Herriko 36 establezimendutara jo dute, eta horietatik 26k eman dute baiezkoa momentuz; bakar batek esan du ezetz, eta gainerakoekin ezin izan dute harremanetan jarri oporretan daudelako.

"Lehen fasean diagnosia egin dugu, eta ikusten zaie plastikoa murriztu nahi dutela, baina ez dakite nola egin. Beraz, inolako konplexurik gabe kontatu digute nola egiten duten lan, eta urte berriari nolako ilusioz heldu nahi dioten", kontatu du Cabaleirok. Beraien negoziorako inbertsio bat izango dela iritzi diote, baina "oro har, erabilera eta ohitura onak" zehaztu nahi dituzte. Ondoren, "ostatu bakoitzak erabakiko du ze neurriraino egingo duen, baina itxura ona du". Azaroan hasi ziren egitasmoarekin eta martxoan bukatuko dute.

Plastikorik Gabeko Herria

Vazquezek gogora ekarri duenez, egitasmo hau kokatzen da duela hiru urte abian jarritako Zarautz Plastikorik Gabeko Herria izendatzeko "kanpaina aitzindariaren" barruan. "Plastikozko poltsak murriztea izan zen abiapuntua, jakinda helburua askoz zabalagoa dela. Orain, erabilera bakarreko plastikoak murrizteko lanari ekin diogu, eta, alde horretatik, bide onetik goaz", azaldu du zinegotziak.

Proposamena "interesgarria bezain beharrezkoa" dela nabarmendu Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. Eskerrak eman ditut halako proiektu bat Zarautzen martxan jartzeagatik, eta jakitera eman du ostalariek ere nolabaiteko interesa agertu dutela.

Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok dio "oso pozgarriak" direla horrelako proiektuak. Hitzetatik ekintzetara pasa behar dela, eta horretarako eguneroko lana ezinbestekoa dela azpimarratu. Horrexegatik, Zarauzko ostatuen prestutasuna goraipatu nahi izan du: "Hemengo esperientziak ebaluatuak izango dira, zer-nolako onura izango dituen geure bizitzan, eta hori kontuan izan beharko da".