Valentin Larrea oroituko dute Modelon

Amaia Urbieta Arruti 2019ko abe. 4a, 11:15
Larrearen familia, emanaldiko parte hartzaileekin. (Amaia Urbieta Arruti)

Valentin Larrea Yturbe musikariaren obrak entzuteko aukera izango da Modelo aretoan abenduaren 13an. Gabiriako musikari ezagunaren konposizioak "ahanzturan ez erortzeko" proiektua jarri du abian haren familiak.

Zarautzekin lotura estua izan zuen Valentin Larrea Yturbe musikariak, eta datorren abenduaren 13an, ostiralean, berriro ere bere obra entzuteko aukera izango da Modelo aretoan; Itxaso Aristizabal piano jotzaileak eta Zarautz Abesbatzak eskainiko dute kontzertua. Gabirian jaio zen Larrea, eta urte askoan Iruñean bizi izan bazen ere, haren suia zarauztarra zenez, oporrak bertan igarotzen zituen. Iruñean antolatu zuen musikariaren omenezko lehen kontzertua familiak, eta datorren ostiralean Zarautzen eskainiko dute. 20:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude 8 euroan, Sanz Enea kultur etxean.

Musikari goierritarraren obra kaxoitik atera eta jendaurrean jarri nahi du haren familiak. Elena Berazadi bilobak emozioz beterik eman ditu proiektuaren inguruko azalpenak. "Bagenekien aitona musikari ezaguna zela, baina gauzak askotan ahanzturan geratzen dira", esan du. Larrea zenaren alabak kasualitatez topatu zituen partitura zahar batzuk, eta bilobek pentsatu zuten hari horri tiraka zerbait egitea, "aitonaren musika ezagutarazteko".

Itxaso Aristizabal piano jotzailearekin jarri ziren harremanetan, eta hark ere ilusioz hartu zuen proiektua. "Eskerrak eman nahi dizkiot familiari nigan pentsatzeagatik", azaldu du. Eskuz idatzitako partiturak eman zizkioten Aristizabali, eta profesionalki "aberasgarria" izan dela esan du musikariak. "Oso berezia da jakitea obraren egileak nola idatzi zuen lana, zergatik eta zeinentzat". Musikariak gehitu du publikoarentzat emanaldi "atsegina" eta "gustura entzutekoa" izango dela Modelokoa.

Joko diren piezen artean, euskal motiboen sei preludio izango dira, baita vals erromantikoren bat ere. Kontzertua amaitzeko, Gabon kanta bat abestuko du Zarautz Abesbatzak Aristizabalek lagunduta. Migel Angel Erauskin abesbatzako ordezkariak azaldu du "pozez" hartu zutela kontzertuan parte hartzeko gonbidapena. Villancico al niño Jesus da eskainiko duten obra, eta letra latinez idatzia dago. Ezaugarri moduan, Erauskinek aipatu du gizonezkoen abesbatza baterako idatzita dagoela lan originala, eta Zarautz Abesbatzak emakume eta gizonen ahotsak dituenez, tonu bat jaitsi dutela abestia. Horrez gain, organorako eginda dago lana, beraz, Aristizabalek organo soinua duen teklatua erabiliko du azken abesti horretan.