[ZOZKETA] Eñaut Elorrietaren disko berriaren ale bat zozkatuko dugu

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 5a, 13:38

Irteera argiak diskoa kaleratu berri du Getariako bizilagunak, eta ale bat dugu zozkatzeko gure atariko irakurleen artean.

Parte hartu zozketan, hemen.

"Argi-ilunen arteko oreka dago diskoan"

Deseraikitzeko behar batetik abiatuta, horrek musikalki berriz eraikitzera eraman du Getariako bizilagun Eñaut Elorrieta (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1975). Hori islatu nahi izan du Irteera argiak lan berrian.

Irteera argiak izenburuak larrialdietako ateen metafora bat dirudi. Ihesbide bat bezala izan al da zuretzat diskoa?
Baneukan nahi bat abestietan planteatzen nituen gaiei aurrez aurre begiratzekoa, eta ez ihes egitekoa. Aurrez aurre jarri, sentitu eta nire barruko gelak irekitzekoa, baina hor ez geratzekoa. Argirantz joatekoa, nolabait ere. Diskoan ageri diren hainbat gai pisutsuak edo sakonak dira, eta ez nuen hor geratu nahi. Sakonkeriatik aldendu eta arintasunerantz joateko gogo bat dago, betiere gaiak abordatuz bere osotasunean. Orduan, irteera argien kontzeptuak ongi biltzen zuen ideia hori. Azkenean, salbaziorantz edo irteerarantz bidea markatzen digutenak dira.

Iluntasun hori non sentitu duzu? Zerk bultzatu zaitu argirantz joatera?
Bizitzaz hitz egiten dut, heriotzaz, maitasunaz… Horien ertz guztietara joateko nahi bat zegoen. Batzuetan bilaketa horretan topo egiten duzu zure zalantzekin, zure beldurrekin, eta horiei aurre egiteko beharra sentitu dut, emozio horiek guztiak sorkuntzarako erabiliz. Iruditzen zait gai unibertsalak aukeratu ditudala, baina nire kasuan, nolabait esateko, diskorik pertsonalena da. Esaterako, nire bakarkako lehen lanean deserriari buruz hitz egin nuen, eta oraingo honetan, berriz, azkeneko urteetan ukitu nauten gauzei buruz.

Argi-ilunei buruz?
Kasu honetan, iluntasunari ez nioke konnotazio negatiborik emango. Garbi daukat disko honen oinarrian badagoela argiaren eta ilunaren arteko oreka bat. Horren bila joan naiz, badaudelako tonu grabeagoak ahotsetan, giro ilunagoak musikalki, arantzatsuagoak izan daitezkeen gai batzuk… Baina, aldi berean, melodiak oso argiak dira, batzuetan inguratu naizen musikariek ere argi asko dutelako. Beraz, argirantz eta ilunerantz jotzen du diskoak, baina ez argia gauza on bezala eta iluna gauza txar bezala ulertuta. Gauza orok bizitzan argitik eta ilunetik dute, eta gauzak bere osotasunean begiratzen ditugunean dira benetakoak eta sinesgarriak. Horren bila aritu naiz, eta puntu interesgarri bat aurkitu dut, non gerturatu naizen gaietara ez euforiatik ezta dramatik ere, baizik eta beste nonbaitetik.

Irakurri elkarrizketa osorik.