Urkome sariak banatu dituzte

Amaia Urbieta Arruti 2019ko abe. 5a, 16:53

Landa eremuan diharduten eskualdeko proiektuei bultzada ematea dute helburu. Aurten seigarren aldiz eman dituzte, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Seigarren urtez banatu ditu Landa Garapenerako Urola Kostako Elkarteak landa eremuko proiektuak sustatzeko sariak. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen, izan da sari-banaketa ekitaldia, eta bertan izan dira aurkeztu diren hamahiru proiektuen egileak zein ordezkari politikoak.
 
Proiektu horietatik seik jaso dute saria, sei kategoria ezberdinetan. Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapenerako saria bi proiektuk irabazi dute; azpiegitura eta zerbitzuak bermatzeko saria,aldiz, eman gabe gelditu da, batzordekideek hala erabakita. Berrikuntzen artean, aipatzekoa da aurten lehen aldiz eman dutela landa eremuko emakumeen ekintzailetza saria. 

Antolatzaileek parte hartzaile guztiak zoriondu dituzte, «maila handiko proiektuak» aurkeztu direlako, guztiak euskaraz izan direlako eta inoiz baino emakume gehiago aurkeztu delako sarietara.

Nekazaritza jardueraren sustapena

Gile Gipuzkoako Limusin Elkartea: ADN-a lortzeko laginak hartzeko TST sistema. 

Jarduera ekonomikoaren sustapena

Ezama Enea: Esne gaingabetua eginda lortutako esnegaina komertzializatzeko proiektua. 
Sakona Etxaldea: Ardi esnearekin egindako jakiak merkaturatzeko proiektua. 

Balio aniztasuna

Leire Albisu: Ezkur- elikagaiak ikertu eta ekoizteko lantegia. 

Iraurgi Berritzen eta UKUEren saria

Ainara Gartzia, Ekaitz Arrese eta Julen Fernandez: Jaki-Saski proiektua, bertako produktuekin egindako eguneko bazkaria prest dakarren saskia. 

Emakume ekintzailetza

Valentina Elovikova: Erlazaintzako jarduera dibertsifikatzeko sistemak. 

Boto bidezko sari irekia

Ainara Gartzia, Ekaitz Arrese eta Julen Fernandez: Jaki-Saski, bertako produktuekin egindako eguneko bazkaria prest dakarren saski osasungarria. Etxean edo lantokian jaso daiteke.